EH Bilduk egindako interpelazio baten ondorioz hitz egin du zinegotziak.
Ricardo Burutaran, gaur udaletxean egin duen agerraldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ekaina amaieran, Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek komunikabideei azaldu zionaren arabera, Atotxako autobus geltokia egiten ari den UTEak 600.000 euro eskatu zizkion udal gobernuari, “eraikitze lanetan gainkostua zegoela” argudiatuta. Ramosek aurreko legegintzaldiko udal gobernuari –EH Bilduri– leporatu zion gainkostua eta diru kopurua ordaintzeko prest agertu zen. EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek prentsaurrekoa eman du gaur goizean, asteleheneko batzordean gertatutakoaren berri emateko.
“EH Bilduk zinegotzia interpelatu du, eta Enrique Ramosek onartu du 600.000 euro horiek eskatzen dituen ziurtagiririk ez dagoela, ez finantza txostenik ez eta txosten juridikorik ere. Beraz argi dago EAJ eta PSE-EEren udal gobernuak atzera egin duela”. Eskaera ofizialik egon gabe udal gobernu batek enpresa bati dirua ematea “onartezina” dela uste du EH Bilduk, eta argi du ez dutela “salaketa faltsurik plazaratzea, eta are gutxiago, herritarren defentsa egin beharrean enpresa pribatu batzuena egitea”.