Egitarau orokorra eta kofradia bakoitzaren ospakizun deigarrienak aurkeztu dituzte piratek, Nautikoan

Nautikoan egin dute Aste Nagusi Pirataren aurkezpena. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Piratek 13. Aste Nagusi Pirata antolatu dute aurtengo hiriko jaietarako. Hala, egitarau orokorra zein kofradia bakoitzaren ospakizun deigarrienak aurkeztu dituzte Piratek, Nautikoan:
Eskifaia,
Pirata Bihurriak,
Ubarroiak,
Sardiñerak,
Traganarrua,
Kalepoza,
Filibusteroak,
Aingura,
Xibaro 62+. Guztira 100 jarduera baino gehiago izan ditu Piraten Aste Nagusiak,
Itsasotik plazara, Donostia Pirata lelopean. “Mundu berri baten mapa marrazten jarraituko dugu, urte guztian zehar lantzen goazen balioak gure festaren ardatz eginez”, aipatu du Lander Arbelaitz Piratak.
Hainbat balio kontutan izatea erabaki dute Piratek, jaiak antolatzeko garaian, eta honakoak dira: Parekidetasuna (iaz sortu zuten Talaia lan taldearen bidez), Jasangarritasuna (Aingura kofradiak du ardura nagusia), Euskaltzaletasuna, Parte Hartzea, Elkartasuna eta Zaintza.
Donostiako kaleak koloreztatu nahi dituztela aipatu dute. Hala, Aste Nagusi Pirata
hiri osora zabaltzeko lanean ari dira, kofradien lanari esker. Piraten jaien erdigunea izaten da urtero Parte Zaharreko La Flamenka, baina horretaz gain, txoko gehiagotara ere zabalduko dute aurtengo jai giroa: Nautikoa, Trinitate plaza, Urgull, Antigua, Txantxarreka, Gros, Kortxoenea gaztetxea, Intxaurrondo gaztetxea, Letaman… Gune pirata finko bat ere izango dute, Guardetxea izango da dj emanaldiekin. Izan ere, piratek aipatu dutenez, udaleko gobernu berriak Nautikoan dj gunea jartzea debekatu die. Edonola, Guardetxeko Bandabat taldearekin elkarlanean arituko dira aurten, gauero bertan dj emanaldiak egiteko.
Ezkila birsortuko dute
Piraten egitarauan urtero legez Abordatzea izango da jarduera jendetsuena. Astelehenean mantenduko dute (aurten abuztuak 10) . Izen ematea piraten webgunean egin beharko da (
Donostiakopiratak.eus), uztailaren 27tik abuztuaren 5era.
Txupina larunbat gauean botako dute, abuztuak 8, Ezkilaren etorrerarekin. Aurreratu dutenez, Ezkila kapitaina berezia izango da aurten, birsortu egingo baitute. “Ez dizuegu askoz gehiago aurreratuko, aurkeztuko dizuegu hemendik gutxira gure kapitain birsortua. Baina aldaketa nabariak izan dituela aipatu dizuegu”, aipatu dute Piratek. Aurten,egun bat lehenago ere elkartuko dira Piratak. Izan ere, jai parekideen aldeko poteo bat egingo dute ostiralean, beroketa gisa. Bestettik, Kalefesta (asteartea), Abordatze Txikia (osteguna) eta Irrikitaldia (igandea) izagno dira jarduera nagusiak.
Musika egitarauari dagokionean, datorren astean jakinaraziko dute.