Golson, Redman, Cullum...
Abian da Jazzaldiaren 50. ekitaldia. Mikel Azpiroz musikari amaratarrak jaialdiaren egitarauko zenbait kontzertu gomendatu dizkio Irutxuloko Hitzari.
Elkano Browning Cream
Aurten ere joko du Jazzaldian, gaur (Coca Cola gunean, 19:00) eta bihar (Heineken terraza, 23:00). Elkano Browning Cream-eko taldekideekin batera Uh Eh diskoko kantak joko ditu zuzenean. Gogotsu dago jotzeko, urtebetean ez baitu Donostian zuzenean jotzeko aukerarik izan. Zaila izaten da Jazzaldiaren egitarau zabalean eta horrenbeste proposamenen artean zerbait aukeratzea. Azpirozek jaialdiaren 50. ekitaldiaren egitarauko zenbait kontzertu azpimarratu eta gomendatu dizkio Irutxuloko Hitzari. Halere, gomendioak gomendio, Jazzaldiaren agertoki irekietatik pasa eta musikaz bustitzera animatu ditu herritarrak. «Benny Golsonek jasoko du aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. 86 urterekin, bizirik mantentzen du bere soinu dotore hori eta gero eta nabarmenagoa da hark jazzaren historian hartu duen tokia. Ez da musikari asko geratzen jazzaren Olinpoko beste hainbat izenekin lan egin izanaz harrotu daitekeenik. 60ko hamarkadako jazzaren garaiko musikari garrantzitsuenetakoa da, The Jazztet banda enblematikoko kidea izan zen Art Farmer tronpeta-jotzailearekin batera», azaldu du Azpirozek. Benny Golsonen laukoteak gaur joko du, 18:30ean, Kursaaleko Auditorioan. Azpirozen hitzetan, «egungo jazzaren ordezkari nagusienetakoa da Joshua Redman saxofoi jotzailea. Oso proposamen bitxia eskaintzen du. Jazz garaikidea egiten dute, eta artista guztiz desberdinen –Nirvana, Neil Young, Aphex Twin, Ornette Coleman…– bertsio irreberenteak interpretatzen dituzte. Jazzaleentzako emanaldi interesgarria». The Bad Plus Joshua Redman taldeak bihar joko du, 18:30ean, Kursaaleko Auditorioan. Andrzej Olejniczak-Iñaki Salvador Quartet taldeak Jamie Cullum-en aurretik joko dute Trinitate plazan, bihar, 21:00etan: «Euskal eta poloniar jazzlari nabarmenen arteko lankidetza erakargarria ikusiko dugu taula gainean. Bertako jazzaren izen nabarmenenak dira. Taldean egongo da baita ere Gonzalo Tejada, donostiar kontrabaxu-jotzailea». Hain zuzen ere, Jamie Cullumek hiru formatu desberdinetan joko du Jazzaldian: DJ gisa, bakarka eta bandarekin. «Publiko zabalago batera iristea lortu du, komertzialki izen handia du, eta bere emanaldiek asko dute ikusgarritasunetik», esan du Azpirozek. Asteazken eta ostegunerako aurreikusitako kontzertuen ondoren, bihar joko du Trinitate plazan, 21:00etan. PUNKT Donostian 3 proposamenak Sly & Robbie legenda jamaikarrak ekarriko ditu. «Bateria eta baxuarekin, sekzio erritmorik garrantzitsuenetakoa osatu dute. Legendak dio milaka disko grabatu dituztela jende askorentzako. Beti ibiltzen dira elkarrekin, eta bikote hau ikusteko aukera ona da. Duela bi urte etorri behar zuten banda batekin, baina kide bat gaixotu eta ezin izan zuten etorri. Orain beste proiektu batekin datoz. Norvegiako Nils Petter Molvaer tronpetista eta Eivind Aarset gitarristarekin izango dira taula gainean», gomendatu du amaratarrak. Kontzertu hau Viktoria Eugenia Antzokian izango da bihar, 24:00etan. Lee Fields & The Expressions proposamenarentzat ere hitz onak ditu Azpirozek: «70etako funk zaleen artean sortu zitzaizkion lehen jarraitzaile sutsuak. Sharon Jones abeslariarekin parekatu daiteke. Agertoki Berdeari agur esateko emanaldi dotorea izango da». Hain justu, gauerdian joko dute bihar. Bukatzeko, Azpirozek ez du Trinitate plaza ahaztu: « Gomendio gisa, eta udako giro honetan murgilduta, egun batez Trinitate plazako giroaz gozatzera animatzen zaituztet. Donostiak lor dezakeen girorik magikoena du Trinitate plazak, eta bertara joan behar da Jazzaldiaren arima sentitzeko».
Gonzalo Tejada eta Iñaki Salvador, Viktoria Eugenian egin duten agerraldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)