Kofradietako ordezkariek 13. Aste Nagusia Pirata aurkeztu dute, «urte guztian zehar lantzen goazen balioak ardatz». Ehun jarduera baino gehiago antolatuko dituzte.
Nautikoan egin zuten agerraldia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako Piratek
13. Aste Nagusi Pirata antolatu dute aurtengo hiriko jaietarako. Hala, egitarau orokorra zein kofradia bakoitzaren ospakizun deigarrienak aurkeztu dituzte, Nautikoan;
Eskifaia, Pirata Bihurriak, Ubarroiak, Sardiñerak, Traganarrua, Kalepoza, Filibusteroak, Aingura eta Xibaro 62+ kofradietako ordezkarien eskutik. Guztira 100 jarduera baino gehiago izango ditu Piraten Aste Nagusiak,
Itsasotik plazara, Donostia Pirata lelopean. «Mundu berri baten mapa marrazten jarraituko dugu, urte guztian zehar lantzen goazen balioak festaren ardatz eginez», aipatu zuen Lander Arbelaitz piratak.
Hainbat balio kontutan izatea erabaki dute Piratek, jaiak antolatzeko: parekidetasuna (iaz sortu zuten Talaia lan taldearen bidez), iraunkortasuna (Aingura kofradiak du ardura nagusia), euskaltzaletasuna, parte Hartzea, elkartasuna eta zaintza.
Donostiako kaleak koloreztatu nahi dituztela aipatu zuten. Hala, Aste Nagusi Pirata hiri osora zabaltzeko lanean ari dira, kofradien lanari esker. Piraten jaien erdigunea izaten da urtero Parte Zaharreko
La Flamenka, baina, horretaz gain, txoko gehiagotara ere zabalduko dute aurtengo jai giroa: Nautikoa, Trinitate plaza, Urgull, Antigua, Txantxarreka, Gros, Kortxoenea gaztetxea, Letaman Intxaurrondoko gaztetxea… Gune pirata finko bat ere izango dute, Guardetxea izango da, DJ emanaldiekin. Izan ere, piratek aipatu zutenez, udaleko gobernu berriak Nautikoan DJ gunea jartzea debekatu die. Edonola, Guardetxeko Bandabat taldearekin elkarlanean arituko dira aurten, gauero bertan DJ emanaldiak egiteko. Piraten egitarauan urtero legez Abordatzea izango da jarduera jendetsuena. Astelehenean mantenduko dute (aurten abuztuak 10) . Izen ematea
Donostiakopiratak.eus webgunean egin beharko da, uztailaren 27tik abuztuaren 5era.
Txupina larunbata gauean botako dute, abuztuak 8, Ezkilaren etorrerarekin. Aurreratu zutenez,
Ezkila kapitaina berezia izango da aurten, birsortu egingo baitute. «Ez dizuegu askoz gehiago aurreratuko, aurkeztuko dizuegu hemendik gutxira gure kapitain birsortua. Baina aldaketa nabariak izan dituela aurreratzen dizuegu», iragarri zuten Piratek. Aurten, egun bat lehenago ere elkartuko dira Piratak. Izan ere, jai parekideen aldeko poteo bat egingo dute ostiralean, beroketa gisa. Bestetik,
Kalefesta (asteartea),
Abordatze Txikia (osteguna) eta
Irrikitaldia (igandea) izango dira jarduera nagusiak.
Musika egitarauari dagokionez, datorren astean jakinaraziko dute.
Berri Txarrak eta Macaco izango dira Saguesen
Aste Nagusiko programari buruzko lehen albisteak eman zituen atzo Festa jardueretako zinegotzi ordezkari Alfonso Gurpegik. Abuztuaren 8tik 15era Saguesen izango diren kontzertuak aurkeztu zituen. Kalakan eta Oreka TX, Rosario, Carlos Jean musikari eta DJ-a, Urtz eta Hesian, Skakeitan eta Bad Manners, Macaco, Berri Txarrak eta Queen-en tributo talde bat igoko dira agertoki gainera. Bestalde, Su Artifizialen 52. Nazioarteko Lehiaketaren aurkezpena ere egin zuten; Pirotecnia Valencianak bere 50. urteurrena ospatuko du aurtengo lehiaketan, Gurpegik aurreratutakoaren arabera.