80ko hamarkadako espiritua berpiztuko dute Loiolako jaietan
Ostegunean hasi eta igandea arte festa giroan murgilduko dira loiolatarrak.
Urtero desfile ikusgarria egin ohi dute loiolatarrek jaien lehen egunean. Mozorroak jantzita eta kamioi baten gainean igota auzoa zeharkatzen dute. ‘Loiola Parade‘ izena du desfileak. Iaz Andaluziako Apirileko Feria aukeratu zuten gai gisa, eta bertako musikaz eta jantziez bete zuten auzoa. Aurten, ordea, 80ko hamarkadako ikurrak eta estetika berreskuratuko dituzte. Gauerdian irtengo dira kultur etxetik, garaiko pertsonaiez mozorrotuta – larunbatean ere kamioi gainean ibiliko dira gauerdian. Horrela hasiko dira ospatzen San Inazio egunaren lehen orduak. Danborrada, batelen estropada, buruhandiak eta erraldoaik, Trakets taldearen emanaldia… Indartsu hasiko dituzte jaiak ostegunean.
Eta ikusgarria izango da baita ere jaiak pizteko modua: Valentziako maskleta ‘loiolatar erara’ egingo dute. ‘Globota‘ izenarekin bataiatu dute jaietan tradizio bihurtu den ikuskizun parte hartzailea. Puxikak zapalduz eta lehertuz egiten dute ‘Globota’. Gainera aurten inoiz baino zaratatsuagoa izango da, bi mila puxika lehertuko baitituzte. Globotaren ondoren, txupina jaurti eta ‘Behin batean Loiola’ dantzatuko dute denek.
Ostiralean txistularien dianarekin esnatuko dira auzotarrak, eta korrikalariek auzoko kros herrikoian parte hartzeko aukera izango dute. Gainera, aurten 30 urte beteko ditu. Eguerdian Sanfermintxiki entzierroa egingo dute, eta apur bat lehenago honi buruzko tailer bat egingo dute Iruña tabernaren aurrean. Berritasun gisa, Igandea txarangarekin batera egingo dute entzierroa. Arratsaldean Loiolako XXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdia egingo dute: Zeelanda Berriko Nga Uri A Te Wai-O-Taiki, Serbiako KUD Bronko Cvetkovic eta Euskal Herriko Ereintza taldeek parte hartuko dute.
Eliza kalean Sagardo jaia ospatuko dute, eta Satorra tabernan sardina jatea egingo dute. Sabela beteta, Kanshadows eta DJ Nokonorekin dantza egingo dute loiolatarrek. Eta indarra gorde beharko dute Eusko-kubatar jairako, karibeko erritmoekin dantza egiteko. Musikazaleek bi kontzertu izango dituzte aukeran. latsarien plazan Ze Esatek! eta Pirat’s Sound Sistema ariko dira. Eta Atari Ederren, Kass & Gingerbreadboys eta Paul San Martin Trio. Gauerdian bandera jaitsierarekin agur esango diote San Inazio egunari.
Larunbatean, iaz bezala, bigarren eskuko merkatu bat jarriko dute Latsarien plazan: Loiola Truk. Eguerdian C4artet saxo laukoteak joko du zuzenean Latsarien plazan. Ondoren, kantujira txikia aterako da Eliza kaletik. Haur eta gurasoek karpan bazkalduko dute elkarrekin. Zigor magoaren ikuskizunaz gozatuko dute bazkalostean, eta txikientzako egokitutako desfilea egingo dute Eliza kaletik abiatuta. Ibaira gerturatu eta kukaña jolasean parte hartzeko ordua iritsiko da geroago, baita marmitako lehiaketa ere. Musika emanaldiak ez dira faltako larunbatean: Mundu eta Javier Sun musikariak Plazaburuko dantzaldietan ariko dira eta Anonimos taldeak Eliza kalean joko du.
Igandean, jaien azken egunean ez dute festen erritmoa motelduko. Goizean goiz barrene herrikoia egingo dute frontoian eta txistulariek auzoko kaleak girtotuko dituzte. Haurrek puzgarriak izango dituzte Latsarien plazan, eta txokolate jana prestatuko dute bertan. Bazkalorduan bertso bazkaria egingo dute karpan. Sustrai Colina eta Odei Barroso bertsolariek parte hartuko dute. Arratsaldean, Moto eta Trizikloen III. Mundu Txapelketa, Loiolako Oier eta El Super-en musika emanaldiak eta buruhandiak izango dira. Elkartasunezko bingo bat ere prestatu dute auzotarrek, Juneren Hegoak elkartearen aldekoa. Gaixotasun larriak dituzten haurrei eta horien familiei laguntza ematen die elkarteak. Gauean Iltzearen Ehorzketa egingo dute auzoan zehar, Gauerdi txarangak lagunduta. Jaien hasieran iltze bat zintzilikatzen dute Eliza kalean, hori baita jaietako ikurra. Eta azken egunean iltzearen ehorzketa egiten dute. Gauerdian amaituko dituzte jaiak, ibai ertzeko pasealekuan piztuko duten trakarekin. Baina loiolatarrak jaizale amorratuak direnez, gauerdia pasata, karaokea egingo dute karpan, DJ Mikeltxirekin.
Loiolako jaien egitarau osoa hemen.