Atotxako gordailua ordezkatuko du, eta 121 ibilgailu hartzeko gaitasuna dauka.
Morlanseko ibilgailu gordailuak sabai garaiak ditu, garabiak igaro daitezen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak gaur ireki du
Morlans auzoko ibilgailuen udal gordailua. Leire plazan kokatuta dago garajea, eta gaur egun
Atotxan dagoena ordezkatuko du. Gordailu berria bereziki diseinatu dute funtzio hori betetzeko, eta guztira
121 ibilgailu hartzeko gaitasuna dauka. Gainera, hirugarren pisuan
ekaitzetako ura jasotzeko gordailua dauka.
Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi
Pilar Aranak aurkeztu du Morlanseko gordailu berria,
Anjel Kerejeta mugikortasun teknikariarekin batera. Kerejetak azaldu duenez, gordailuak bi solairu ditu, kale eta sabai zabalekin; hala, garabiek arazorik gabe mugitu ditzakete bertara ekarritako garraioak: “Atotxako gordailua probisionala zen, naiz eta urteetan erabili den. Morlansekoa, aldiz, bereziki diseinatuta dago funtzio hau betetzeko; lehiatila dauka, eta garabiek ez dute arazorik izango beren lana egiteko”.
Pilar Arana zinegotziaren esanetan,
urtean 5.000 ibilgailu eramaten dira gordailura, eta zerbitzuen
%25 uztailan eta abuztuan egiten dira: “Hauek dira lan gehien ematen duten hilabeteak, eta beraz, beharrezkoa zen abian jartzea. Hemen jasoko diren ibilgailuen
%88 autoak eta furgonetako dira, %11 motorrak eta %1 bizikletak“. Gaurtik hasita, ibilagailu horiek Morlansera eramango dituzte, bizikletak ezik; horiek Atotxara bidaliko dituzte oraingoz.
Aranak nabarmendu du gordailu berriak abantailak eskainiko dizkiela hiritarrei: “Espazio honetan modu egokian gordeko dira jasotako ibilgailuak, eta gainera, garraio publikoan etortzeko aukera eskaintzen du leku honek; hori abantaila handia izango da herritarrentzat”. Denbora luzez jasotzera ez datozen ibilgailuak gordailu berriko bigarren solairuan gordeko dituzte.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eta Anjel Kerejeta teknikariak aurkeztu dute gordailua. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)