Jazzaldiaren balantzea egin du bertako zuzendariak, Miren Azkarate Kultur zinegotziarekin batera, bere 50. urteurrenean
Jazzaldiko zuzendari Miguel Martin eta udaleko Kultur zinegotzi Miren Azkarate, Jazzaldiaren balantzea egin aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
50. Jazzaldiaren balantzea pozik eta irribarretsu egin dute Miguel Martin jaialdiko zuzendariak eta Miren Azkarate Kultur zinegotziak. “Munduko gainontzeko jaialdiek inbidia digute”, esan du Martinek.
Martinen arabera, publikoaren erantzuna oso ona izan da, eta guztira,
124.000 lagun baino gehiagok gozatu dute jaialdiaz, doako zein ordainpeko kontzertuak kontuan izanda. Zehazki, ordainpeko kontzertuek 18.881 ikus-entzule jaso dituzte; eta doako kontzertuetatik, berriz, 105.450 lagun igaro dira. Hain zuzen ere, uztailaren 22tik 26ra 17 agertokitan ehun emanaldi baino gehiago jaso ditu Jazzaldiak (%80 doakoak), eta “maila artistiko bikaina” izan dute kontzertuek, arduradunen arabera. Euria bi egunetan egin duen arren, kontzertuetan jendetza handiak bildu direla azpimarratu dute; Trinitate plazako sarrerak agortu egin ziren, eta Zurriolako Agertoki Berdea eta Kursaaleko Terrazetan “giro bikaina” nabarmendu dute.
Artistek espero zutena baino gehiago eman dutela esan du Martinek: “Publikoaren erantzuna 50. jaialdirako guztiek nahi genuena izan da, eta musikariek dena eman dute. Jamie Cullum, adibidez, zerbait desberdina egitera etorri zen, eta egin du”. Hain justu, Jamie Cullumek hiru agerraldi egin ditu: Agertoki Berdean dj gisa, Kursaal Auditorioan bakarlari moduan -pianoa, gitarra eta ahotsa erabiliz-, eta Trinitate plazan, big band baten buru.
Trinitate Plazan aritu ziren emakume abeslari guztiek publikoa liluratu zuten arduradunen arabera. Trinitate Plaza “kuttuna” du Jazzaldiak gainera, eta bi emanaldi nabarmendu dituzte: Andrzej Olejniczak eta Iñaki Salvador buru dituen boskotearena, eta The New Standard Triorena. Viktoria Eugenia Antzokia guztiz bete zen ere, Iñaki Salvador eta Alexis Delgado pianistek egindako Bach eta jazzaren arteko hurbilketaz gozatzeko.
Txikijazzi dagokionean, hirugarren urtez arrakastatsua izan dela esan dute. Jaialdiak belaunaldi berrietara iristeko asmoz antolatzen du Txikijazz, haur eta gurasoen parte hartzearekin. Haurrek lehen aldiz jazz doinuak entzuteko aukera izan dute, eurentzat egokituak izan diren kontzertuen bitartez, eta 7.100 lagunek ongi pasatu dute programatutako jardueretan.
Miren Azkaratek bere aldetik,
hiru alderdi nabarmendu nahi izan ditu balantzea egiterakoan: Kultura ekonomia bultzatzeko motorra dela, eta aurten ere argi utzi duela hori Jazzaldiak; Europan eta munduan izena ematen diola Jazzaldiak Donostiari; eta pixkanaka gazteengana gerturatzen ari dela jaialdia.
Datorren urtekoa ere berezia izango da
Berezia izan da aurtengo Jazzaldia, mende erdia bete baitu, baina datoreen urtekoak ere zeresana ematea nahi dute, Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatuko baitute. Argi utzi dute Poloniako jazzak presentzia handia izango duela, Wroclaw hiriarekin partekatuko baitu Donostiak hiriburutza. Hortik aurrera, ezer gutxi aurreratu du Miguel Martinek: ” Eskuartean zortzi proiektu inguru ditugu 2016ari begira. Oso proiektu handizaleak dira, eta denak ez dira aurrera aterako”.