Musika zirkuitu independentearen urteurrena ospatzeko, jaialdi berezi bat egingo dute urrian

Donostiklubaren programazioaren aurrerapena eman dute Egiako kultur etxearen terrazan. (Argazkia: Donostia Kultura)
Hamar urte beteko ditu laster
DonostiKlubak. Hori dela eta, hainbat kontzertu berezi antolatu dituzte, urteurrenarekin bat eginez. Batetik, jaialdi bat egingo dute, urriaren 1etik 3ra, hainbat eszenatokitan, eta bestetik, musika independentearen ohiko zirkuitua egingo dute, eta lehen izenak aurreratu dituzte. Azken batean, lau helburu nagusirekin jaio zen DonostiKluba, eta horretan jarraitzen du: Musika independente eta alternatiboari lekua egitea; hirian musikaren inguruan dabiltzan kolektibo independenteei babesa eta laguntza eskaintzea; musika programazio jarraia duten klub eta aretoak zirkuitian sartzea; eta bertako musika taldeak sustatzea, kontzertuen aurreko emanaldiak eskainiz. “Hamar urtetan eraldaketa txiki bat egin dugu hiriaren kultur programan”, aipatu du Xabier Cañar Kultur teknikariak. Izan ere, zirkuituaren aurrerapena egin dute gaur goizean, Cañasek eta Sergio Cruzado DonostiKlubako zuzendariak. “2005ean konturatu ginen jaialdi handietatik kanpo, Zinemaldia edo Jazzaldia, hirian ez zela kultur mugimendurik egoten neguan. Topaketa moduan jaio zen DonostiKluba 2006an, eta pixkanaka horizontalean zabaldu eta hedatu egin da. Zirkuitu nahiko zabala dugu egun, hainbat adar ukituz”, gehitu du Cañasek.
Arduradunen arabera, txikiaren balioa aldarrikatzea du helburu DonostiKlubak; eta ez du hazi nahi. “Kalitatezko kontzertuak” eskaini nahi dituztela dio Cruzadok; zenbakien gainetik, asmoak eta balorazio artistikoak kontuan hartzeko. Egiako Gazteszenan hasi zuen bidea, eta hortik gutxira toki handiago batera mugitzea gomendatzen zuten babesleak agertu ziren. Jaialdiak, ordea, zabalean hazi nahi zuen, ideia hori hirira hedatzen, zirkuitu bat osatuz bertako musika taldeak ere bertan tokia izan zezaten. “DonostiKluba txikia da eta txikia izan nahi du; gure helburuetara fidelak izan nahi dugu. Jendea giro intimoan topatzeko guneak dira klubak”, azaldu du Cañasek.
Donostikluba Jaialdia
- Urriak 1, Le Bukowski eta Tabakalera. JAIALDI AURREKO FESTA: Kontzertuak Egian zehar.
- Urrik 2, Gazteszena, 21:00etan. HIP HOP GAUA: NACH + GALLINERO ALL STARS.
- Urriak 3, Gazteszena. DONOSTIKLUBA X. URTEURRENA
ARETO NAGUSIAN
23:00-06:00. DELOREAN + CROCODILES + DELORENTOS
KULTUR ETXE OSOAN
17:00-05:00. Kolektibo eta bertako musikarien bitartez, Donostikluba urte guztian zehar zer den erakutsiko dute.
ERAKUSKETA ARETOAN
DonostiKlubaren 10 urteak, argazki erakusketa (Komisarioa: Juan Gonzalez Andrés); eta DonostiKlubaren 10 urteak ikus-entzunezkoa (Komisarioa: Jose Maria Lasa eta Jabi Haspi)
HITZALDI ARETOAN
Dual Spli, Cuello
TERRAZA
19:00-22:00. Layabouts (38 urte, The Ramones Its Alive kontzertu berezia) + Sexy Zebras
PASILLOETAN
20:00-22:00 Ventura, Eraul, Pumuky
17:00-22:00. DonostiKluba Hiri Market. Arte diseinatzaileak, bigarren eskukoak…
LIBURUTEGIA
19:00-21:00. Indigo & Izaro
Hori guztia izan nahi du aurtengo Donostikluba Festibalak!
DONOSTIKLUBA ZIRKUITUA
Aurrerapena:
- Urriak 16, Le Bukowskin. 20:30 – 12 euro. STEVE WYN
- Azaroak 6, Intxaurrondo Kultur Etxean. 22:00 – 15 euro. L.A. + PELAX
- Azaroak 18, Le Bukowskin. 20:30 – 10 euro. GIRL, GUNS & GLORY
- Azaroak 19, Intxaurrondo kultur etxean. 22:00 – 12 euro. ALELA DIANE + ISASA
- Abenduak 7, Intxaurrondo kultur etxean. 22:00 – 12 euro. BLACK YAYA (EX HERMAN DUNE) + PATTA