Kultur Hiriburutzaren hedabide ofiziala izango da telebista, irratia eta Interneti dagokienez.
Eitbko zuzendari Maite Iturbek, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegik sinatu dute hitzarmena. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Eitb taldea Donostia 2016ren
media partner edo hedabide ofiziala izango da aurrerantzean; gaur lankidetza hitzarmena sinatu dute Eitbko zuzendari
Maite Iturbek, Donostiako alkate
Eneko Goiak eta Donostia 2016ko zuzendari
Pablo Berastegik. Horrela,
DSS2016EUren hedabidea izango da Eitb, telebistari, irratiari eta Interneti dagokienez.
Berastegik adierazi duenez, Eitbk zeregin nabarmena izango du zenbait proiektu garrantzitsutan, hala nola,
Emusik 2016, Kalebegiak, Prime Time eta
Eurotransit. Fundazioak estrategikotzat du Eitbrekin bat egitea, hitzarmenari esker, Kultur Hiriburutzaren jardueren jarraipen zabal eta zehatza egingo dutelako: “Donostia 2016ren izpirituarekin bat egiten du hitzarmenak, ikus-entzunezko proiektuak garatzen lagunduko digutelako. Oso garrantzitsua da guretzat gaur adostutako lankidetza”.
Hala, datorren urtean egingo diren ekitaldien estaldura osoa eta zehatza egingo du Eitbk, eta publizitate-pilulak urte osoan zehar eskainiko dituzte (Etb1eko eta Etb2ko Kultur Flash programan). Bestalde, DSS2016EUren agendari eta edukiei buruz maiztasun jakin bat izango duen tartea irekitzea hitzartu dute; Eitbko irrati nagusietan egingo dute hori, batez ere, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin.
Halaber, hitzarmenak jasotzen du Hiriburutza-urteko ekitaldi eta emanaldi nagusien aurkezpenak EiTBko aurkezleen esku geratuko direla.
Eitb eta Donostia 2016ren proiektuak
EiTBk eta Donostia 2016k kultur programako zenbait proiektu sortu, eraiki, diseinatu eta zabalduko dituzte elkarlanean, hala nola:
Transmedia proiektua Emusik-i buruz (Musika Eskolen Europako Jaialdia)
Emusik ekimenari esker, 26 herrialdetako 10.000 musikarik aldi berean joko dute musika-errepertorio zabala Donostian datorren urtean: pieza klasikoetatik musika modernora doan kontzertu erraldoia egingo dute. Halaber, ekitaldirako sortutako Emusik 2016 kanta joko dute. Kontzertu horren jarraipena egingo du Eitbk.
Prime Time
EiTBk, UPV/EHUk eta DSS2016EUk elkarrekin dihardute proiektu horren inguruko transmedia ikerketa-proiektu batean. Berastegik adierazi duenez, DSS2016EUk erronka bat du: Posible al da Europako kulturaren inguruko tarte bat izatea telebistako prime timean? Nazioarteko ekoizpen-etxeei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuen deialdi batean, proposamen interesgarrienak finantzazioa lortuko du, telebistaz emango den atal pilotu bat egiteko eta nazioarteko merkatuetan banatzaileak konkistatzeko.
EiTBk parte hartuko du deialdian jasotako proposamenak definitzen eta hautatzen. Epea irailaren 16ra arte egongo da irekita. Gainera, sortzen den programa EiTBren kanalen batean emango dute.
Kalebegiak
Donostiaren inguruko erretratua egingo dute, hamabost zinemagileren begiradaren bidez. Ekoizpenean egile ezagunek, ibilbide luzeko profesionalek zein hasi berriek parte hartuko dute. Ekoizpena 2016an estreinatuko da, Donostiako Zinemaldian.
EiTBk parte hartze aktiboa du proiektu hau eraikitzeko eta hedatzeko lanetan.
Eurotransit
Autobusa enbaxada ibiltari izango da. Barruan, ikus-entzunezko talde batek ibilbide bat egingo du 2016an, gatazken lekuko izan diren edo diren Europako hamar hiritatik. Bakoitzean ikus-entzunezko dokumental bat eta mosaiko handi bat (mashup) egingo dute, Europaren nortasunari buruz, bildutako lekukotzak oinarri hartuta. Helburua da kontakizuna egitea kazetaritzaren ikuspegitik eta, artearen ikuspuntua baliatuta, gatazkatik eratorritako kultura-ondarea azpimarratzea.
EiTBk proiektu honetan sortutako ikus-entzunezko edukien jarraipen zehatza egingo du, eta telebistako parrillan horien berri emango du. Bestalde, EiTB Irratia, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea kalera aterako dira DSS2016EUrekin erlazionatutako kultur jarduerei buruz informatzeko.
Proiektu horiez gain, hitzarmenak aurreikusten du bi erakundeak lankidetzan aritzea beste ekimen eta lan-lerro batzuetan. Horiek etorkizun hurbilean izango dituzte emaitzak.