Euskal Herria eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio honetan Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga dira protagonista.
Zuzendari Berriak sailaren aurkezpena Kutxako Garibai kaleko egoitzan egin dute. (Argazkia: Lide Ferreira)
Azken urteotako elkarlanarekin jarraituz,
Kutxabank eta Donostia Zinemaldia bidelagun izango dira 63. ekitaldian. Izan ere, bi erakundeen arteko hitzarmena berritu dute gaur goizean Kutxako Garibai kaleko egoitzan egin duten agerraldian. Honela,
Kutxa-Zuzendari Berriak saria lortzeko lehiatuko diren filmen zerrenda aurkeztu du gaur goizean Donostia Zinemaldiko zuzendari
Jose Luis Rebordinosek. Munduko hainbat herrialdetako hamahiru filmek hartuko dute parte lehiaketan.
Irabazleak 50.000 euroko saria eskuratuko du, Donostia Zinemaldiak Kursaalean egingo duen amaiera ekitaldian.
Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren filmen artean,
Euskal Herria eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzio bat dago; euskara hutsean egindako
Pikadero filma, hain zuzen ere. “Harrotasunez betetzen gaitu horrelako film bat hemen lehiatzea”, adierazi du Rebordinosek.
Loreak filmak lortutako arrakasta ekarri du gogora, eta aurten euskara hutsean ere Asier Altuna zuzendariaren
Amama pelikula Sail Ofizialean egongo dela azaldu du Zinemaldiko zuzendariak. ‘Pikadero’ filmak
Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista, eta euskaldunon berezitasunak kontatzen ditu, umore ukitu batekin.
Beste filmeei dagokienez, Rebordinosek esan du gai anitzez dihardutela, baina
gehienetan haurrak eta gaztetxoak direla protagonista: “Pertsonaia horiek krisi egoeran jartzen dituzte zuzendariek; baina ez bakarrik krisi ekonomikoan, balioen krisian, mundua ulertzeko krisian…”. Esate baterako,
Iona pelikulak gazte batek integratzeko dituen arazoei buruz hitz egiten du;
Le nouveau / The new kid komedia bat da, eta haur baten eskolako lehenengo egunak kontatzen ditu; eta, Israelgo
Barash filmak harreman lesbiar bat du hizpide.
Kutxabankeko Handizkako Bankaren zuzendari Ander Aizpuru pozik azaldu da aurtengo lanekin eta “film zintzoak” bezala definitu ditu: “Zuzendari berri hauek zintzotasun handiz egiten dute euren lana, eta egoera ekonomiko zailei aurre egin diete.
Ekarpen garrantzitsua egiten dute, eta guk gazteen sormen hori eta zinema babestu nahi ditugu“.
Zuzendari Berriak saileko filmak
AFTER EDEN
HANS CHRISTIAN BERGER (KANADA)
Maitasunezko eta tentaziozko ipuin bat Interneteko pornografiaren aroan. Unibertsitateko ikasle bakarti batek bere aktore porno gogokoenaren arrastoak jarraituko ditu eta haren jazarle anonimo bilakatuko da… aurrez aurre ezagutzeko adorea izaten duen arte.
BARASH
MICHAL VINIK (ISRAEL)
Hamazazpi urteko Naama Barash nerabeak izugarri maite ditu alkohola, drogak eta lagun taldearekin irtetea. Etxetik alde egin nahi du; gurasoak eztabaidan dira beti, eta armadan sartu den ahizpa menderakaitza desagertu egin da halako batean. Institutura neska berri bat iristen denean, Barash lehenengo aldiz maiteminduko da, eta esperientzia horren indarrak nahastu egingo du, baina, aldi berean, zentzu berri bat emango dio bere bizitzari.
EINER VON UNS / ONE OF US
STEPHAN RICHTER (AUSTRIA)
Hamalau urteko Julian supermerkatu handi bateko koloreen erdian hilko da. Egiazko istorio batean oinarrituriko film honek hiri handien kanpoaldeko interesik gabeko bizitzari aurre egin nahi dion gazteriaren egoera kontatuko digu.
GRANNY’S DANCING ON THE TABLE
HANNA SKÖLD (SUEDIA – DANIMARKA)
Einiren aitak beldurra dio munduari, eta erabateko isolamenduan hazi du alaba. Aitaren beldurrik handiena Einik alde egitea da. Ahal duen guztia egingo du alabari sinetsarazteko kanpoko mundua eta bertan bizi den jendea maltzurrak direla, eta sexualitatearekin eta helduen bizitzarekin loturiko guztia arriskutsua dela.
IONA
SCOTT GRAHAM (ERRESUMA BATUA – ALEMANIA)
Zuzendari Berriak sailean
Shell filmarekin lehiatu zenetik (2012) hiru ute igaro dira eta Scott Graham bueltan da Zinemaldian, drama berri batekin. Krimen bortitz baten ondoren, babes bila joango dira Iona eta bere seme Bull ama jaio zen uhartera. Itzulera horrek Ionak nerabe zela gorroto zuen bizitza eramatera behartuko du Bull, eta amak atzean uztea lortu zuen talka-uhin bat sortuko du familian.
JAJDA / THIRST
TSOTSORKOVA SVETLA (BULGARIA)
Bikote batek eta beren seme nerabeek nekez lortzen dute bizimodua ateratzea mendixka baten tontorrean duten garbiketa zerbitzuarekin. Tokiko hotelentzat egiten dute lan, baina ur-hornidura oso eskasa da. Haien bizitza sinplea hankaz gora jarriko da aita eta alaba bikote bat iristen denean. Talde bat osatzen dute biek: alaba ur-bilatzailea da, eta, aita, ur-putzuen zulatzailea.
LE NOUVEAU / THE NEW KID
RUDI ROSENBERG (FRANTZIA)
Benoit gazteak hamalau urte ditu eta landa utzi du Parisen bizitzeko. Eskolako lehenengo eguna espero baino zailagoa izango da, eta laster isolatuta sentituko da. Harik eta, egun batean, ikasgelara neska berri bat iristen den arte…
PARASOL
VALERY ROSIER (BELGIKA)
Oporrak. Mediterraneoko uharte bat. Hiru desbideratze udaren amaieran. Gauzak aldatzeko erabakitasuna, kosta ala kosta. Inoiz existitu ez zen iragan bategatiko nostalgia.
PAULA
EUGENIO CANEVARI (ARGENTINA – ESPAINIA)
Paula gazteak familia burges baten etxean lan egiten du, seme-alabak zaintzen, eta bizi ere han bizi da. Bere bizitzan ezusteko aldaketa bat gertatuko da, haurdun dagoela eta umearen aitak bere gain hartu nahi ez duela jakitean. Eugenio Canevariren lehenengo pelikula da. 2013an, Donostiako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen,
Gorila baila film laburrarekin.
PIKADERO
BEN SHARROCK (EUSKAL HERRIA – ERRESUMA BATUA)
Dirurik ez duen bikote batek arazo larriak izango ditu gurasoen etxean ezkontza-eginbideak betetzeko. Zailtasun horiek kolokan jarriko dute amiltzen ari den ekonomiatik askatzen saiatzen ari den maitasun historia bat. Barbara Goenaga eta Joseba Usabiaga ditu protagonista komedia erromantiko honek.
RODINNY FILM / FAMILY FILM
OLMO OMERZU (TXEKIAR ERREP. – ALEMANIA – ESLOVENIA – FRANTZIA – ESLOVAKIA)
Bikote bat itsasoan barrena nabigatzera irtengo da, seme-alabei familiaren etxean bakarrik bizitzeko askatasun-sentimendua aztertzen utzita. Ontzia hondoratu egingo da, eta familia ere bai. Jenderik gabeko uharte batean abandonaturiko txakur bat izango da haien itxaropen bakarra.
STAY WITH ME
JINWOO RHEE (HEGO KOREA)
Iseop berria da Hayun problematikoaren ikasgela berean. Lagun egingo dira, eta haien bizitzek eragina izango dute elkarrengan, pixkanaka, aldatu arte. Nerabeen bizitza zorrotz aztertzen duen drama.
VIDA SEXUAL DE LAS PLANTAS
SEBASTIAN BRAHM (TXILE)
Istripu baten ondorioz, Barbararen maitea oso argi gutxi dituen arrotz bat bihurtu da. Hala, pasiorik gabeko egonkortasuna eskainiko dion gizon batekin hasiko da ateratzen Barbara. Baina, patu berriari egokitzen saiatzen den arren, galdutako amodioaren oroimenak nahigabea eragiten dio. Garrantzitsuena galdu ez duela ulertzen duen arte.