Kultur, gizarte eta politikako elkarte, alderdi eta norbanakoen 800 sinadura bildu dituzte, osteguneko udalbatzarrean mozioa babesteko.
Kattalin Minerrek eta Agus Rodriguezek manifestaziora deitu dute abuztuaren 8an. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Libre Donostiak elkarretaratzea egin du gaur Nautikoan, ostegun honetako
udalbatzarrean aurkeztuko duten
mozioaren atxikipenak entregatu, eta
abuztuaren 8ko mobilizaziorako deialdia zabaltzeko.
Kattalin Minerrek eta
Agus Rodriguezek irakurri dute deialdia, atxikimendua agertu duten herritar eta ordezkarien babesarekin; hain zuzen ere, kultur, gizarte eta politikako ordezkariak bertan izan dira, deialdiari babesa ematen.
Hain zuzen ere, dagoeneko
800 sinadura inguru bildu dituzte Libre Donostiako kideek,
herriko tabernen kontrako 35/02 prozeduraren sententziaren harira. Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpena irakurri dute Minerrek eta Rodriguezek, Aste Nagusiaren hasiera egunean egingo dute mobilizazioa aurkeztuz. Horrela,
Gipuzkoa plazan 17:30ean biltzeko deia luzatu dute abuztuaren 8an.
Hizlariek irakurritako adierazpenean, gogoan izan dituzte
35/02 auziko sententziak zigortutako lau donostiarrak: Joseba Alvarez, Joseba Permach, Agus Rodriguez eta Juani Lizaso. Horrekin batera, konfiskatutako
Hontza,
Marruma,
Herria,
Haritza eta
Txalaka elkarteak ere aipatu dituzte: “Euskal Herritarrok urte luzez gatazka eta sufrimendua bizi izan ditugu. Azken urteotan emandako urratsek eta sortutako testuinguru berriak, justizian eta bakean oinarritutako etorkizun baterako aukera zabaltzen dute. Eragile politiko eta sozialek zein norbanakoek emandako urratsek ekarri gaituzte egoera honetara. Eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, ezinbestekoa izango da denok erantzukizunez jokatzen jarraitzea”.
Bide horretan, Libre Donostiako bozeramaileen esanetan, lekuz kanpo daude konponbidea oztopatu asmoz jartzen dituzten trabak, esate baterako aipatutako prozesu judiziala eta aurreikusita dauden besteak. Aipatutako adierazpenean, sententziak gatazkaren amaieran garaile eta galtzaile eskemara eramaten dituela salatu dute, eta horren aurkako aldarria egin dute, sententziak kaltetutako guztiei elkartasuna adieraziz: “Eraiki beharreko eszenatoki berrian eskubide zibil eta politiko guztiak bermatu behar dira. Beraz, militante politikoen kontrako zigorrek zein herriko tabernen itxierek ez dute ez tokirik, ez zentzurik. Nola ulertu Frankismo garaiko gisako zigorrak? Nola ulertu 1936tik hona burutu den ondasun lapurreta handiena egungo testuinguruan?”
ManiFESTAzioa, festa giroko mobilizazioa
Duela 13 urte hasi zen sententzia horren prozesua, eta bertan,
107 lokal eta taberna konfiskatu zituzten. Bestalde,
20 lagun zigortu dituzte, eta
150 langileren postuak arriskuan gelditu dira.
Askapenako kideak ere aipatu dituzte, irailan
40 lagun epaituko baitituzte. Horren aurrean,
alderdi sozial, kultural eta politiko guztietako ordezkariei deia luzatu diete: “Abuztuaren 8an elkartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei, politika eta kulturari ateak ezin zaizkiela itxi aldarrikatzeko; hemen askotariko aurpegiak bildu gara, batzuk ezagunak, besteak ez horrenbeste, baina guztira 800 sinadura baino gehiago aurkeztuko ditugu udaletxean, politikariei eskatzeko osteguneko udalbatzan aurkeztuko dugun mozioa babestu dezaten”.
Mozioarekin batera, bestelako manifestazioa egiteko asmoa adierazi dute bozeramaileek: “Abuztuaren 8ko manifestazioa ez da ohiko elkarretaratzea izango:
maniFESTAzio bat antolatuko dugu, alde guztietako ideiak eta alderdiak bilduko dituena, desagerrarazi nahi dituzten elkarte eta taldeen isla moduan”. Leloa ere aurkeztu dute:
Politikari eta Kulturari aterik ez itxi. Herrikoak libre.
Azkenik, eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpenarekin bat egin duten pertsona eta eragile batzuen izenak aurkeztu dituzte:
PERTSONAK:
Joserra Senperena (pianojolea)
Luis Mokoroa (Gastronomia Kofradiako Lehendakaria)
Patxi Ezkiaga (idazlea)
Bertol Arrieta (idazlea)
Joxe Agustin Arrieta (Idazlea)
Juan Luis Zabala (Kazetaria, idazlea)
Danele Sarriugarte (idazlea)
Fito Rodrigez (idazlea)
Jakoba Errekondo
Leire Palacios (kazetaria)
Lander Arbelaitz (kazetaria)
Eneko Olasagasti (zinemagilea)
Iñaki Arozena (margolaria)
Maite Agirre (aktorea)
Ramon Agirre (aktorea)
Asier Hernandez (aktorea)
Xabier Peñalver (Aranzadi)
Josu Tellabide (historialaria)
Iñaki Egaña (historialaria)
Josebe Iturrioz (mugimendu feminista)
Kattalin Miner (mugimendu feminista)
Dani Goñi (euskalgintza)
Zigor Etxaburu (euskalgintza)
Beñat Gaztelumendi (bertsolaria)
Markel Ormazabal (soziologoa)
ERAGILEAK:
Komite internazionalistak
Askapena
EH Bildu
Plaz!
LAB
ELA
Alde Zaharreko Arrano Beltza Euskal Tokia
Ze Esatek! musika taldea
Blaka musika taldea
Donostiako Koordinadora Feminista
Euskal Herrian Euskaraz
Medeak
Bagera
Eguzki
AHTaren kontrako mugimendua
2016 Desokupatu