Osteguneko udalbatzarrera 26 emendakin aurkeztuko ditu Josu Ruiz zinegotziak.
Inbertitzeko beharra azpimarratu du EH Bilduko zinegotzi Josu Ruizek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EH Bilduk 26 emendakin aurkeztuko ditu ostegun honetako udalbatzarrean,
Donostian 3.246.366 euro gehiago inbertitu daitezen eskatzeko. Gaur aurkeztu ditu emendakinak
Josu Ruiz EH Bilduko zinegotziak, eta teknikariek ontzat eman dituztela adierazi du.
Hiriaren behar handienei erantzuteko inbertitzeko eskaera egin dio Ruizek udal gobernuari: “Dirua dagoenean, hirian inbertitu behar du udalak; orain badago dirua, aurreko astean kreditu berria aurkeztu baitzuen udal gobernuak; EH Bilduko 3 milioi euro gehiago inbertitzea proposatuko du udalbatzarrean”.
Ruizen esanetan, diru hori hainbat iturrietatik jaso dezake udalak, hala nola,
Lasala eta Iyola eraikinak salduta, eta Julimaseneko azalera eskubideak luzatuta. Hain zuzen ere, Lasalaren salmentarekin
1.948.951 euro lortuko lituzke udalak, eta Iyolaren salmentarekin berriz,
464.517 euro; Julimaseneko lurrengatik berriz,
581.896 euro jasoko lituzte. Bestalde, udaletxe barneko zerbitzuak murriztea proposatu du EH Bilduk,
300.000 euro aurreztuz.
Hirigintza eta mugikortasuna, lehentasun
Diru horrekin hainbat proposamen egin ditu EH Bilduk, batez ere hirigintza eta mugikortasunari dagokionez. Hala, eraikinen berrikuntzan eta mantenuan inbertitzeko eskatuko du alderdiak, besteak beste, Astiñene baserrian (60.000 euro gehiago). Plazak estaltzeko partida ere eskatu dute, esate baterako, Zuberoa plazan (700.000 euro). Intxaurrondon eta Altzan ere mugikortasuna hobetzeko obren beharra azpimarratu du Ruizek, eta hurrenez-hurren 387.000 eta 60.000 euroko inbertsioa eskatu du.
Miramonen egondako harri jausketak ekiditeko ere 400.000 euroko inbertsioa proposatu du zinegotziak, eta baita Artikutza hobetzeko 169.000 euro ere. Bestalde, argiztapenean ere berriketak behar direla azpimarratu du; Morlansen kutsadura akustikoa ekiditzeko neurriak eskatu ditu (50.000 euro), eta hirian zehar argiztapenak aldatu eta hobetzeko 10.000 euroko inbertsioa egitea proposatu du.
Bestalde, Donostia 2016ri begira, Antzoki Zaharra hobetzeko 140.000 euro gehiago inbertitu behar direla adierazi du Ruizek, suhiltzaileen informeak hala zehaztuta. Uliako estalpean ere 4.492 euroko berrikuntzak egiteko eskatu du, eta azkenik, Donostiako etxebizitzak zaharberritzeko 291.167 euro gehiago erabiltzea proposatu du.