Topoa trenbide zati berritik igarotzen, Loiolan; ondoan trenbide zaharraren arrastoak ikus daitezke. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskotreneko geltokiko lanek bukaezinak ziruditen Loiolan, baina azken asteetan aurrerapauso garrantzitsuak izan dituzte. Izan ere, uztaila hasieran trenbide zati berritik hasi ziren igarotzen trenak, eta behin behineko geltoki berri bat estreinatu zuten loiolatarrek. Aldi berean, trenbide zaharra kentzen hasi ziren, eta atzo goizean, trenbide zaharrari zegokion horma zatia botatzen hasi ziren. Hala, pixkanaka auzoa normaltasunera itzultzen ari da, eta itxura hobetzen.
Loiolatarren aspaldiko aldarrikapena da 2010ean hasitako obrak bukatzea, azken urteetan geldirik egon ostean. Zubibide berria altxa zuten obrei ekin zietenean, baina bukatu gabe egon dira denbora luzez, eta orain arte zaharretik igaro dira trenak. Hala, denbora luzez, auzoan bi horma handi egon dira, bata bestearen ondoan.
Eusko Jaurlaritzak ez zuen azken urteetako aurrekontuetan Loiolako geltokiaren lanetarako diru kopururik aurreikusi, eta horregatik geratu ziren obrak geldirik. Iazko abenduan, ordea, 2015eko aurrekontuetan obrekin jarraitzeko bi milioi euroko diru partida bat bideratuko zuela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak; eta 2018. urtea bitartean 15 milioi euro emateko konpromisoa hartu zuen. Duela bi hilabete inguru, gainera, lanen bigarren zatia lizitatu zuten, hau da, geltoki berria egiteko eta ingurunea berritzeko lanak.