Ondarretako harriak kentzen hasi dira
Udal gobernuaren aginduz, Ondarreta hondartzako harriak kentzen hasi dira. Atzo arratsaldean iritsi ziren makinak, eta gaur eta bihar ere lanean ariko dira arratsalde eta gau partean. Egunotan itsasbehera egongo da, eta egun hauek probestuko dituzte harriak kentzeko, eta hondartzan dagoen jendeari ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko.
Eguzki taldeak kezka agertu du gai honen inguruan. Ez du uste harriak kentzea eraginkorra denik, eta denborak hala erakutsi duela plazaratu du: “Azken bospasei urteotan dozenaka tona harri kendu dituzte, eta orain arazoa larriagoa dela uste dugu. Harriak kentzen dituztenean herritarrek pentsa dezakete ‘zerbait’ egiten dela, baina arazoa ez da konpontzen”. Beraien ustez udalak ez du arazoari aurre egiteko jokabide zuzena izan: “Eztabaida harrien jatorrian zentratu da. Aranzadik desagertu diren hainbat eraikinen arrastoak direla dio, eta Aztik antzinako erreka batenak direla. Gure ustez biak dira, zuzenak dira bi azalpenak. Baina inork azaltzen ez duena da, ezta geuk ere, zergatik ez diren azaleratu lehenago harri horiek. Aurreko hamarkadatan agertu ez badira, zergatik orain?”.
Eguzkik aitortu du beraiek ez dutela honi buruzko hipotesirik, baina irudipena dute zerbaitek badiako korronteak aldarazi dituela azken urteotan. Ez du baztertzen itsasertzean jarri diren harri handiek -Aquarium, Mollaberri, Salamanka pasealekua…- Ondarretan izan dezaketen eragina. Taldeak azpimarratu du harriak agertzearen arrazoia aztertu behar dela: “Ez gaude harriak kentzearen aurka, baina harriak agertzearen arrazoia zein den jakin gabe, baliteke harriak kentzearen lana alferrik izatea, eta beharbada kaltegarria”. Harriak kentzeak ingurumena kaltetu dezakeen aztertu behar dela uste du Eguzkik.