Antigua eta hondartza espazioak berreskuratuko dituzte aurten; hirian 400 ekitaldi antolatu dituzte abuztuaren 8tik 15era.
Ondarreta hondartzan hainbat ikuskizun eskainiko dituzte Aste Nagusian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Ondarreta hondartza jarduerak egiteko espazio moduan berreskuratuko dute aurtengo
Aste Nagusian.
Gaur aurkeztu dute jaien egitaraua Eneko Goia Donostiako alkateak eta
Alfonso Gurpegi Festak jardueretako zinegotziak. Aste Nagusiko kartela ere aurkeztu dute;
Errealitatea du izena, eta Javier Villar Iberok diseinatu du.
Guztira 400 ekitaldi eskainiko dituzte hirian, abuztuaren 8tik 15era.
Horrela, hirian zehar 23 gune erabiliko dituzte festetan. Donostia Festak jardueretatik 300 antolatu ditu, eta doan izango dira denak. Gainerako jarduerak Musika Hamabostaldia, hipodromoa, Aquariuma, antzerkia eta zezenketak biltzen ditu, besteak beste.
Berritasun nabarmenena
Ondarretako hondartzaren berreskurapena da; alkateak azaldu duenez, Antiguako bizilagunen aspaldiko eskaera da hondartza eta auzoko beste hainbat espazio festen gune izan daitezen, eta beraz, Aste Nagusian ekitaldiak antolatu dituzte bertan. Hain zuzen ere, zinema eta bestelako ikuskizunak eskainiko dituzte hondartzan:
Ondarretako gauak lelopean, hiru film eskainiko dituzte gauean, su artifizialen ondoren. Hilaren 13an
Urte Berri On Amona! euskarazko filma eskainiko dute, 23:30ean; hilaren 14an
El planeta de los simios Franklin J. Schaffnerren filma eskainiko dute, Charlton Heston aktorearekin. ordu berean; eta hilaren 15ean, Aste Nagusiari amaiera emanez, James Gunn zuzendariaren
Guardianes de la Galaxia filma emango dute.
Bestalde, Ondarretan eskainiko dituzte
fusioko hainbat musika emanaldi, hala nola Euskal Herriko dantza tradizionala flamenkoarekin, dantza garaikidearekin eta zeinu mintzairarekin nahastutako ikuskizunak. Bestalde, kubako bertsolaritza eta cante jondoa ere ikusgai izango dira; hip-hop gaua ere egingo dute hondartzan.
Eskola eta Easoren omenez
Aste Nagusia abuztuaren 8an hasiko da, ohiko
kanoikadarekin
udalatxean, 19:30ean.
Artillero abestiaren abeslari bereziak egongo dira aurten,
Ama Birjinaren Eskola Elkartea eta
Easo abesbatza omenduko baitituzte beren 75. urteurrenean. Ekitaldiaren aurretik, Los Bebés de la Bulla, Gauerdi eta Taupada taldeek jarriko dute giroa, eta herritarrei kanoikadara etortzeko gonbita egingo diete. Ekitaldiaren ondoren, ROCK KALEAN taldeak jarriko du giroa, Bulebarrean.
Ondoren, aste guztian zehar adin eta zaletasun guztiak asetzeko moduko jarduerak egongo dira hiria;
erraldoi eta buruhandien konpartsa egunero ibiliko da hiriko auzoetan barrena (San Telmon ere bisitatu ahalko dira);
zezensuzkoen entzierroa;
su artifizialen nazioarteko lehiaketa;
erromeriak;
herri kirolak (Igeldoko Harria, Urrezko Kopa);
Urrezko Kopa Donostiako hipodromoan;
Piraten abordatzea abuztuaren 10ean;
euskal dantzak Konstituzio plazan (Gainera, Eskolaren 75. urteurrena ospatzeko, 140tik gora dantzari bilduko dira);
musika banden emanaldia Bulebarrean;
DJ gauak Kursaaleko terrazetan;
antzerkia Gipuzkoa plazan;
zezenak Illumben; eta
Urumeako arrantza lehiaketa, besteak beste.
Aste Nagusiak elementu berriak izango ditu ere. Horrela, abuztuaren 8ko txistularien alardean
Jose Mari Usandizaga omenduko dute, 20:30ean, Konstituzio plazan. Aurten, gainera,
lehiaketa gastronomiko bat izango da gazteentzat; bertako produktuak erabilita lehiatu beharko dira, Bretxan, abuztuak 9. Horrez gain,
merenge gerra egingo dute Zurriolan, eta
bertsolariak egongo dira Aste Nagusian; saio berezi bat egingo dute abuztuaren 14an, suen ondoren, Konstituzio plazan, emakume bertsolariekin bakarrik.
Kirolerako tartea ere egongo da,
Gaueko Jai Lasterketarekin; erdialdetik atera eta Ondarretaraino, festa giroan korrika egiteko aukera izango da. Modalitate guztietako kirol probak eta bigarren eskuko eta sortzaile berrien azoka ere egingo dituzte jai guneberri batean,
Gernikako Arbolaren pasealekua, hain zuzen ere.
Aste Nagusiko azoka eremua, ohi denez, Pasealeku Berrian egongo da, eta haurrentzako eremua, berriz, Koldo Mitxelena kulturune inguruan.
Egun handia, abuztuaren 15a izango da, Aste Nagusiko azken eguna, hain zuzen. Aurreko urtetan, jaia su festekin amaitu izan da, baina aurten, larunbata izanik, zezensuzkoen entzierroa egingo dute, eta baita kontzertu bat ere Saguesen,
Remember Queen World Tour izenekoa; Queen taldeko Freddie Mercury abeslariari omenaldia egingo dio Piero Venery talde italiarrak. Azkenik, Kursaaleko terrazetako musika goizeko 03.30a arte luzatuko da.
Aipatzekoak dira ere
Saguesen aurten egingo dituzten kontzertuak; aste guztian zehar, gauero, honako taldeak egongo dira bertako eszenatokian, hurrenez-hurren: Kalakan eta Oreka TX, Rosario, Carlos Jean Coca-Cola Gira Live Experience, Urtz eta Hesian, Skakeitan eta Bad Manners, Macaco, Berri Txarrak eta Queen taldeari egingo dioten omenaldia.
Eraso sexistarik gabeko jaiak
Eneko Goia alkatearen esanetan, programa anitza eta zabala antolatu dute aurten, eta herritar guztiei ondo pasatzeko deia egin die, errespetuz: “Bi eskaera egin nahi ditut; bata,
errespetuz jokatzea eremu guztietan, jaiak denontzat direlako; eta bestea,
sexu erasorik gabeko jaiak aldarrikatu nahi ditut, horrelako jarrera eta erasorik ez gertatzeko deia eginez”.