Pilar Arana, erdian, aparkalekuaren aurkezpenean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak txirrindak uzteko behin behineko aparkaleku bat jarri du Zurriola pasealekuan. Gunea hesi batekin inguratuta dago eta Kursaaleko aparkalekuaren sarreran dago. Bertan, sei barra daude eta bakoitzak bederatzi txirrinda aparkatzeko lekua du. Hortaz, guztira 54 leku egongo dira. Era berean, aparkatzeko epea mugatuta egongo da, eta gehienez 12 ordu utzi ahal izango da txirrinda. Zinemaldiaren amaiera arte erabili ahalko da aparkalekua.
Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi Pilar Aranak azaldu du txirrindak aparkatzeko behin behineko sistemaren bigarren froga izango dela gaur aurkeztutakoa. Lehena maiatzaren 9an egin zuten, Emusic ekitaldia zela-eta. Aranak adierazi duenez, orain, froga egiteko epea luzeagoa izango da oraingoan, eta eskaera handia dagoen leku batean egingo dute; Zurriola hondartzaren ondoan, alegia.