Larunbaterako, hilaren 8rako,
herriko tabernen aurkako auzia salatzeko mobilizaziora deitu dute Donostian —17:30ean, Gipuzkoa plazatik—.
Kulturari eta politikari aterik ez itxi, herriko tabernak libre eta zabalik izango da leloa. ‘ManiFESTAzioa’ izango dela azaldu du Agus Rodriguezek,
35/02 auzian zigortutako donostiarretako batek: “Ez dugu manifestazio arrunt bat izatea nahi. Aldarrikapen politiko bat baino gehiago da abuztuaren 8ko mobilizazioa. Herriko tabernak ixteak kulturarentzako espazio batzuk desagertzea ekarriko duela adierazi nahi dugu, horregatik diseinu berezia izango du protestak”.
Gipuzkoa plazatik abiatuko dira 17:30ean, eta kamioi batek musikaz jantziko du mobilizazioa. Askatasunaren hiribidean lehen geldialdia egingo dute. Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek kantatuko dute, eta idazle batzuk testu bat irakurriko dute. Maria Kristina hotelaren parean egingo dute bigarren geldialdia, antzerkiari tarte bat emateko. Zuloaga plazan bukatuko da ManiFESTAzioaren ibilbidea. Bertsolariak ariko dira kantuan, musika emanaldi bat eskainiko du Ze Esatek! taldeak eta Mattin ilustratzaileak marrazki bat egingo du zuzenean. Modu honetan herriko tabernetan egin diren kultur jarduerak islatu nahi dituzte: “Herriko guztiek ez baitute pisu politiko bera izan. Antiguotarrak elkartean, esaterako, dantza taldea dute; ehunka ume eta gazte mugitzen ditu “.
Kattalin Minerrek eta Agus Rodriguezek manifestaziora deitu dute abuztuaren 8an. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Sententziak lau donostiar zigortu ditu –
Agus Rodriguez, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Juani Lizaso– eta Donostiako 5 elkarte itxiko ditu:
Hontza, Marruma, Herria, Haritza eta Txalaka. Rodriguezek azaldu du elkarteen inguruan hartutako erabakiak ez duela atzera bueltarik: “Ez dakigu noiz, eta ez dakigu nola, baina itxi egingo dituzte. Helegitea aurkeztu dugu Konstituzionalean, baina noski,
Egin-ekin gertatu zen bezala, bost urte barru esan dezakete ez zirela itxi behar, eta ordurako salduta egongo dira”.
Zigortutako pertsonen egoera korapilatsuagoa da. Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia atera zuenetik urtebete eskas pasatuta, Gorenak berretsi du Auzitegi Nazionalaren epaia: “Orain Gorenak bueltatzen du sententzia gu epaitu gintuen zigor salara, hark eman zuelako lehenengo zigor epaia. Hor daude hiru magistratu, eta haien esku geratuko litzateke. Haiek erabakiko dute, beraz, noiz eta nola bete dena”.
Ez dakite noiz iritsiko den behin betiko erabakia. Espetxeratuak izan daitezkeela azaldu du Rodriguezek. Halere, nahiz eta espetxera ez joan, ez daudela libre azpimarratu du: “Gu zigortu egin gaituzte. Epaiak diona oso larria da. Ez gaituzte kondenatu ETArekin kolaboratzeagatik. Gu lotu gaituzte ETAren “finantza egiturarekin” eta erakunde terrorista bateko kide izatea egotzi digute. Eta erakunde hori Batasuna da. Gu atxilotu gintuztenean Batasuna legala zen”.
13 urte zain
2002ko apirilean atxilotu zituztenetik hainbat neurri bete behar izan dituztela esan du Rodriguezek: “Nik astero astero jun behar dut sinatzera. Eta sekulako bermeak ordaindu ditugu. Nik 30.000 euroko bermea ordaindu behar izan nuen. Juani Lizasok 60.000 eurokoa. Diru hori beraiek dute oraindik. Gainera txantaia ekonomiko gisa erabiltzen dute. Guk helegitea aurkezten badugu, bermea ez digute bueltatzen. Epaia behin betikoa denean eta ejekutatzen denean, orduan bueltatzen dizute. Ez zaudela konforme? Bada, ez dizute itzultzen. Izugarria da”.
13 urteren ondoren espetxera joatea eskandalugarria izango litzatekeela adierazi du Rodriguezek: “Nahiz eta espetxera ez joan, larria da jada. Gainera, gu ez bagaituzte espetxera eramaten, arrazoi bakarrarengatik izango da. 13 urte pasa direlako da, eta gure zigorrari bi gradu jaistera behartuta daudelako. Horregatik, hasierako 8 urteko espetxe zigorra 15 hilabetean geratu da. Epaiketa bere momentuan egin izan balitz gu espetxean egongo ginateke. Beraiek jakingo dute zergatik ez gaituzten lehenago epaitu. Gurea beste errepresio sotilagoa izan da. Kalean zaude, eta beti zama horrekin”.
107 elkarte bahituta eta 20 lagun zigortuta
Duela 13 urte hasi zen sententzia honen prozesua, eta bertan,
107 lokal eta taberna konfiskatu zituzten. Bestalde,
20 lagun zigortu dituzte, eta
150 langileren postuak arriskuan gelditu dira.
Alderdi sozial, kultural eta politiko guztietako ordezkariei deia luzatu diete: “Abuztuaren 8an elkartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei, politika eta kulturari ateak ezin zaizkiela itxi aldarrikatzeko; hemen askotariko aurpegiak bildu gara, batzuk ezagunak, besteak ez horrenbeste, baina guztira 800 sinadura bildu ditugu”.
Auzi honen aurka idatzitako eskubide zibil eta politikoen aldeko
Donostiarron Adierazpena-rekin bat egin duten pertsona eta eragileei eskerrak eman dizkiete.
PERTSONAK:
Joserra Senperena (pianojolea)
Luis Mokoroa (Gastronomia Kofradiako Lehendakaria)
Patxi Ezkiaga (idazlea)
Bertol Arrieta (idazlea)
Joxe Agustin Arrieta (Idazlea)
Juan Luis Zabala (Kazetaria, idazlea)
Danele Sarriugarte (idazlea)
Fito Rodrigez (idazlea)
Jakoba Errekondo
Leire Palacios (kazetaria)
Lander Arbelaitz (kazetaria)
Eneko Olasagasti (zinemagilea)
Iñaki Arozena (margolaria)
Maite Agirre (aktorea)
Ramon Agirre (aktorea)
Asier Hernandez (aktorea)
Xabier Peñalver (Aranzadi)
Josu Tellabide (historialaria)
Iñaki Egaña (historialaria)
Josebe Iturrioz (mugimendu feminista)
Kattalin Miner (mugimendu feminista)
Dani Goñi (euskalgintza)
Zigor Etxaburu (euskalgintza)
Beñat Gaztelumendi (bertsolaria)
Markel Ormazabal (soziologoa)
ERAGILEAK:
Komite internazionalistak
Askapena
EH Bildu
Plaz!
LAB
ELA
Alde Zaharreko Arrano Beltza Euskal Tokia
Ze Esatek! musika taldea
Blaka musika taldea
Donostiako Koordinadora Feminista
Euskal Herrian Euskaraz
Medeak
Bagera
Eguzki
AHTaren kontrako mugimendua
2016 Desokupatu