Zubietako jaiak gaur amaituko dira, duela astebete egindako mozorro festarekin abiatu eta gero. Bukaerak bukaera, hirian egongo da zer ospatu asteburuan, Loiolan eta Amaran jaietan baitira.
Zubietarrak jaietan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Uztailak agur esango du gaur, San Inazio egunarekin. Udako jaien baitan data esanguratsua da, hiru auzotako festek bat egingo dutelako: Asteburuari begira dauden Loiolako eta Amarako jaiak, eta gaur adio esango duten Zubietakoak. Azken honetan, duela astebete eman zieten hasiera jaiei, Santio egunaren bezperan. Txupina bota eta aurtengo berritasun nagusiari heldu zioten: festen irekiera mozorrotuta ospatu zuten. Horrela, herritar guztiekin egin ohi duten argazkia inoiz baino koloretsuagoa izan zen, mozorroz bete baitzuten irudi erraldoia: Whatsappeko emotikonoak, piratak, printzesak, entxufeak, pitufoak,
Grease filmeko pertsonaiak, medikuak…
Zubietar guztiak ondo pasatzeko prest agertu ziren, eta Santio jaiak ospatzen hasi ziren. Gaur, festen azken orduetan ere, izango dute zer egin eta gozatu: Zikiroa prestatzen hasiko dira, 9:00etan; Meza egingo dute, 9:30ean; errebote partida, 11:30ean; zikiro jatea, 14:00etan; euskal dantza emanaldia, 18:30ean, Argentinako Necochea euskal etxeko Zahar Alai taldearen laguntzarekin; eta jaien amaiera, 00:00etan, traka, suziri eta musikaren bitartez.
Loiolako lasterketa, gaur
Loiolan abian dira jada auzoko jaiak, atzo gauerako aurreikusitako desfile ikusgarriarekin; 80ko hamarkadako espiritua berpiztea zuten iragarrita.
Gaur, San Inazio eguna, txistularien dianarekin esnatuko dira auzotarrak, eta korrikalariek auzoko kros herrikoian parte hartzeko aukera izango dute, 10:30ean. Gainera, aurten 30 ekitaldi beteko ditu.
Eguerdian Sanfermintxiki entzierroa egingo dute, eta apur bat lehenago honi buruzko tailer bat egingo dute Iruña tabernaren aurrean. Berritasun gisa, Igandea txarangarekin batera egingo dute entzierroa. Arratsaldean Loiolako XXVII. Nazioarteko Folklore Jaialdia egingo dute: Zeelanda Berriko Nga Uri A Te Wai-O-Taiki, Serbiako KUD Bronko Cvetkovic eta Euskal Herriko Ereintza taldeek parte hartuko dute.
Eliza kalean Sagardo jaia ospatuko dute, eta Satorra tabernan sardina jatea egingo dute. Sabela beteta, Kanshadows eta DJ Nokonorekin dantza egingo dute loiolatarrek. Eta indarra gorde beharko dute Eusko-kubatar Jairako, karibeko erritmoekin dantza egiteko. Musikazaleek bi kontzertu izango dituzte: Latsarien plazan, Ze Esatek! eta Pirat’s Sound Sistema ariko dira; Eta Atari Ederren, Kass & Gingerbreadboys eta Paul San Martin Trio. Gauerdian bandera jaitsierarekin agur esango diote San Inazio egunari.
Bihar, iaz bezala, bigarren eskuko merkatu bat jarriko dute Latsarien plazan: Loiola Truk. Eguerdian, C4artet saxo laukoteak joko du zuzenean Latsarien plazan. Ondoren, kantujira txikia aterako da Eliza kaletik. Haur eta gurasoek karpan bazkalduko dute elkarrekin. Zigor magoaren ikuskizunaz gozatuko dute bazkalostean, eta txikientzako egokitutako desfilea egingo dute Eliza kaletik abiatuta.
Ibaira gerturatu eta kukaña jolasean parte hartzeko ordua iritsiko da geroago, baita marmitako lehiaketa ere. Musika emanaldiak ez dira faltako larunbatean: Mundu eta Javier Sun musikariak Plazaburuko dantzaldietan ariko dira, eta Anonimos taldeak Eliza kalean joko du.
Igandean, jaien azken egunean, ez dute festen erritmoa motelduko. Goizean goiz barrene herrikoia egingo dute frontoian, eta txistulariek auzoko kaleak girotuko dituzte. Haurrek puzgarriak izango dituzte Latsarien plazan, eta txokolate jana prestatuko dute bertan. Bazkalorduan bertso bazkaria egingo dute karpan. Sustrai Colina eta Odei Barroso bertsolariek parte hartuko dute. Arratsaldean, Moto eta Trizikloen III. Mundu Txapelketa, Loiolako Oier eta El Super-en musika emanaldiak eta buruhandiak izango dira.
Elkartasunezko bingo bat ere prestatu dute auzotarrek, Juneren Hegoak elkartearen aldekoa. Gaixotasun larriak dituzten haurrei eta horien familiei laguntza ematen die elkarteak.
Gauean Iltzearen Ehorzketa egingo dute auzoan zehar, Gauerdi txarangak lagunduta. Jaien hasieran iltze bat zintzilikatzen dute Eliza kalean, hori baita jaietako ikurra. Eta azken egunean iltzearen ehorzketa egiten dute. Gauerdian amaituko dituzte jaiak, ibai ertzeko pasealekuan piztuko duten trakarekin. Baina loiolatarrak jaizale amorratuak direnez, gauerdia pasata, karaokea egingo dute karpan, DJ Mikeltxirekin.
Amaratar batzuk, jaietako txorimaloa egiten. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Amaran, Txorimaloa ikur
Amaran ere atzo ekin zieten festei, baina, gauean beharrean, goizean egin zuten irekiera ekitaldia. Amaratarrek euren jaietako ikurra muntatzen hasi zituzten jaiak; Txorimaloa egiten, hain zuzen ere. Easo plazan bildu ziren horretarako, eta eguerdian suziria jaurti zuten, ondorenTxorimaloa jendaurrean aurkezteko.
Gaur ere ez da giroa izango auzoan, Gazte Eguna ospatuko baitute. Hala ere, goiz esnatzeko prest ez dauden gazteei lasai utziko diete. Izan ere, bezperan parrandan ibilitako jaizaleentzako gosari resakeroa eguerdian egingo dute, ez lehenago. Aurretik, Easo txakur ile apaindegiak txakur jaia egingo du, 10:30ean.
Gosariarekin berpiztu ondoren, koadrillen arteko paella txapelketan parte hartuko dute, ondoren denak elkarrekin bazkaltzeko.
Buruhandiek eta elektrotxarangak festa giroa zabalduko dute auzoan zehar. Sardina jatea baino lehen, Arroka plazan Kick Boxing erakustaldi bat ikusteko aukera izango dute auzotarrek. Gauean musika jaialdia egingo dute. Punk eta rock doinuak izango dira jaun eta jabe Easo plazan: Rock Kam Broom eta Arcada Social ariko dira zuzenean. DJ Keko ariko da musika jartzen jarraian. Lo egin eta ohera egiteko gogorik ez dutenentzat soka salto herrikoia egingo dute, 2:00etan. Eta eguna argitzen den arte irauten dutenek Gazte gaupaseroen argazkia egingo dute.
Bihar azoka jarriko dute Easo plazan, eta goiz osoan zehar irekita egongo da. Lapiko artean ibili eta marmitako onena nork prestatzen duen erakutsi beharko dute, 10:30ean hasita. Arratsaldean esku pilota eta pala txapelketak jokatuko dituzte Amara kaleko frontoian. Eta dantza egingo dute Amarai Bai auzo elkarteak antolatutako erromerian, Arroka plazan. Danbor hotsak entzungo dira, 20:00etan, danborrada irtengo baita Pasai Txarangarekin batera. Gauean dantzaldia egingo dute, eta ondoren, parrandazale sutsuenek Giza Kroketa Txapelketa jokatuko dute, 2:00etan.
Igandean, jaien azken egunean, Eskola dantza taldeko haurren emanaldia egingo dute goizean. Txorizoa dastatu ahal izango dute eguerdian, eta tortila txapelketa egingo dute, 13:30ean. Arratsaldean bizikleta gainean ginkana egingo dute Arroka plazan. Herri kirolen erakustaldiaren ordua iritsiko da ondoren: Julen Cañamares eta Aratz Mugerza aizkolariak eta Aimar Irigoien eta Agustin Landarbide harri jasotzaileak ariko dira. Bertso musikatuen emanaldi batekin gozatuko dute 21:00etan, eta oilasko jana izango dute Easo plazan. Iluntzen hasi ahala festa itzaltzen hasiko da. Jaietan dena eman eta biziraun duten gazteen argazkia egingo dute, eta gauerdian jaietako txorimaloa erreko dute.