Aste Nagusi Piratari buruzko gehigarri berezia argitaratu genuen
‘Bandera beltza jarriko dute’ eta ‘Hemen dira Piratak’ lerroburuekin iragarri zuen Irutxuloko Hitzak 2005eko Aste Nagusi Pirata. Bertan aipatzen genuen 2004ko abordatzean 40 baltsa itsasoratu zirela. Nork esango zuen handik urte batzuetara 500 baltsa izango zirela? Abordatzean parte hartzeko gomendioak ere eman genituen, gehienak itsasoa garbi mantentzeari buruzkoak.
Zea Mays, Hamlet eta Soziedad Alkoholika musika taldeak Trinitate plazan jotzekoak zirenez, kontzertuei buruzko orrialde bat egin genuen, eta bertan elkarrizketatu genuen Zea Mays-eko abeslari Aiora Renteria.
Gogoetarako tarte bat ere eskaini genuen gehigarrian. Ekain Ormazabal piratak ‘Donostiak badu gobernadorea’ iritzia plazaratu zuen Irutxuloko Hitzan. Jaiak egiteko aukera desberdinen eskubidea aldarrikatu zuen: “Azken urteetan antolatutako ekimenen arrakastak argi utzi du eskaria askorena ere badela”.
Aste Nagusi Piratari buruzko gehigarria (2005-08-13)