Zezenketen aurkako aldarriak oihartzun handia hartu du
Mila lagunetik gora parte hartu dute gaur Donostia Antitaurina Orain plataformak deitutako protestan.
‘Zezenak zelaian’, ‘Animaliak askatu’, ‘Zezenketarik ez’, ‘Donostia antitaurinoa’… Askotariko lelo antitaurinoak ozen entzun dira gaur kalean. Ehunka lagunek bat egin dute Donostia Antitaurina Orain plataformak deitutako manifestazioarekin, eta Erdialdeko kaleak protesta antitaurinoaz jantzi dute.
Bulebarretik irten da manifestazioa, 18:00etan, eta ia ordubete geroago bukatu da protesta Katalina plazan. Donostia Antitaurina Orain plataformako bozeramaile Nora Barraguesek hartu du hitza amaieran. Kalera ateratzeko arrazoi asko dituztela adierazi du: “Urte hauetan guztietan diru publikoko milioika euro gastatu dituzte Illunben; zezenketak defizitarioak dira; eta ez dugu nahi gutxiengo batek gure dirua erabiltzea. Alderdi politikoei eskatu die “ez erabiltzeko euren interesen alde” zezenketen inguruko eztabaida. Eta udal gobernuari ere mezu bat bidali dio mugimendu antitaurinoaren partetik: “Intolerante eta intransigentetzat jo gaituzte legezkoa den zerbait dekatu nahi izateagatik. Legezkoa ere izan zen esklaboen salerosketa edo emakumeen aurkako tratu txarra. legea eta etika ez doaz beti eskutik; herria da bere arauak erabakitzen dituena”.
Manifestari batzuk toreatzailez mozorrotu dira, jende asko euren txakurrekin joan da, askotariko pankartak eraman ditu jendeak… Protesta koloretsua izan da, eta ia ez da isilunerik egon, etengabe oihukatu baitituzte lelo antitaurinoak. Manifestazioan izan dira, besteak beste, Juan Karlos izagirre alkate ohia, Amaia Almirall EH Bilduko bozeramailea eta Irabazi Donostiako ordezkari Amaia Martin. Protestan hainbat pirata izan dira, eta nabarmena izan da haien presentzia, kofradietako txalekoak eta zapi pirata jantzita joan baitira.
Aurreko udal gobernuak (EH Bildu) iragarri zuen ez zuela gehiago itunik sinatuko Illunben zezenketak egiteko eta, udal egoitza bat den heinean, ez zutela gehiago helburu horrekin alokatuko. Erabaki hau dela eta, 2013 eta 2014ko Aste Nagusian ez zen zezenketarik izan.
Chopera familiaren enpresak Illunbe alokatu du, eta udalaren baimenarekin, hilaren 13tik 16ra zezenketak egingo dituzte bertan. Hauteskundeak baino lehenago aurkeztu zuen eskaera Choperak, eta hauteskunde ostean egoera aldatuko zen esperantza agertu zuten Manuel Chopera enpresako ordezkariek.
Zezenketak berriz Donostian, hiru urte geroago
Eneko Goiak, alkate izendatu berritan, adierazi zuen Chopera familiak eskaera zuzen eginez gero ez zuela oztoporik jarriko Donostian zezenketak egiteko. Hori horrela, bi urteren ondoren berriz egingo dituzte zezenketak Gipuzkoako hiriburuan. Ia 13.000tik gora lagunek sinatu dute Donostian zezenketak berriz jartzearen kontra Change.org webgunean. Ekimen horrek Eneko Goia Donostiako alkateari eskatzen dio “praktika zaharkitu eta krudel hau” ez onartzea. “Ez dago inongo arrazoirik gizakion antzera sufritu eta sentitzen duten animaliak erailtzeko, etikak etekin ekonomikoaren gainetik jokatu behar baitu”. IRUTXULOKO HITZAk Nora Barragues elkarrizketatu zuen uztailaren 31ko astekarian:“Erabaki hau, gure ustez, atzerapauso handia da hiriarentzat. Lotutako akordioak Donostiako hiritarren iritzia kontuan hartu gabe egin dituzte, eta interes politiko eta ekonomikoak animalien eskubideen gainetik jarri dituzte”.
Erlazionatutako edukia«Atzerapauso handia da hiriarentzat»