Amets Arzallus, Alaia Martin, Agin Laburu eta Axier Azpiroz egon dira saioan, azken hau Unai Gaztelumendiren ordez.
Easo plazan eguerdian bertso saioa egin dute. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Easo plazan bertso saioa egin dute gaur eguerdian,
Aste Nagusiaren programaren barruko ohiko jardueran. Asterako eguraldi iragarpena nahiko kaxkarra izan arren, eguzkia lagun izan dute saioan, eta plaza erabat bete den arren, eguzpikean zeuden aulki batzuk hutsik gelditu dira; itzala berriz, bete-bete egon da saio guztian zehar.
Itzaletan frexko egon dira
Amets Arzallus, Alaia Martin, Agin Laburu eta Zubietako Axier Azpiroz bertsolariak, azken hau Unai Gaztelumendiren ordez etorria, eta baita
Inazio Usarralde gai jartzailea ere. Ordubeteko saio polita egin dute, piratak, feminismoa, Boise, teknologia, zezenak eta bestelako gaiekin jolasean.
Lau bertsolarien agurraren ondoren, Usarraldek
barne borroken inguruan mintzatzeko eskatu die, gure buruaz dugun irudia erreala den edo gutaz diotena egia ote den hausnartzeko gonbidatuz. Lau bertsolariek beren barrua hustu dute, dudak eta usteak plazaratuz. Ondoren,
feminismoaren txanda izan da; Arzallus eta Azpiroz banan-banan ibili dira, sexu erasoak eta manifestazio feministak gogoan. Martin eta Labururen txanda iritsi da ondoren, eta
bertso poteoak aitzaki, herriko tabernak, batzokiak eta tabernak izan dituzte izpide; alderdi politikoen inguruan era bota dituzte hainbat perla, eta birziklapenaren gaia aipatzeko tartea ere hartu dute.
Amets Arzallus, Alaia Martin, Agin Laburu eta Asier Azpiroz, Easo plazan. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
Azaleko gaietara eraman ditu gai jartzaileak ondoren; gizakiak gehien erabiltzen duen
giharra begietakoa dela aipatu du Usarraldek Arzallusi eman dio hitza, gainontzeko hiruek gutxien erabiltzen duten giharra asmatzeko eskatuz. Azpirozek dantzan aldakak gutxi mugitzen zituela adierazi du, Laburuk lo gutxi egiten duela jaio berri duen semearengatik, eta Martinek berriz besteen giharrak mugitzearekin lana baduela adierazi du.
Binakako saioen txanda iritsi da ondoren, eta
mugikorrek sortutako mendekotasunaz mintzatu dira Arallus eta Laburu. Martin eta Azpiroz berriz, bi errumaniarren azalean sartu dira, eta
Boiseko festaz hitz egin dute.
Donostiara itzulita,
Aste Nagusiko festekin amaitu dute saioa.
Zezenketak izpide izan dira, eta Azpirozek hartu du hitza, zezenketen itzulera zezenei graziarik ez diela egin aipatuz, eta animaliak hiltzea ez dela debalde adieraziz. Arzallusek eta Martinek hiriko
terrazteako prezioak izan dituzte izpide, turismoa egitera etorri diren bi goierritarren azalean sartuta. Saioa borobiltzeko, lauak
piraten abordaiaren barku batean sartu ditu gai jartzaileak, eta bide batez, jai parte hartzaileek aldeko aldarria egin dute. Ikusleei beren txaloak eskertuz amaitu dute saioa, eta baita eguzkipean ordubete igarotzeagatik ere.