Vinila von Bismark aktore eta abeslaria da aurtengo Beldurrezko Astearen kartelaren protagonista
Fantasiazko eta akzioko zinemaren emakumezko heroiak omendu nahi izan dituzte; urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartean izango da jaialdiaren 26. ekitaldia
Irutxuloko Hitza
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 26. Astearen kartelak badu protagonista: Granadan jaiotako Vinila von Bismark aktore eta abeslaria. Etorkizun postindustrial eta postapokaliptiko batean girotuta dago, eta, estetikoki, gudu eta epidemien ondorioz suntsituta dagoen Lur planeta erakusten duten pelikulekin bat egiten du. Aldi berean, fantasiazko eta akzioko zinemako emakumezko heroiak omendu nahi izan dituzte egileek —argazkilaria Jose Luis Lopez de Zubiria da, diseinua Ytantos estudioak egin du, arma Gorka Agirrek diseinatu du, jantziak Nerea Torrijosek, eta Koro Ramon arduratu da makillajeaz eta ile apaintzeaz—. Besteak beste, Mad Max (George Miller, 1979) eta Le dernier combat (Luc Besson, 1983) dira aurtengo kartela sortzerakoan izan dituzten erreferentzia estetikoak.
Vinila von Bismarkek kontzertu bat eskainiko du Intxaurrondo Kultur Etxean, urriaren 30ean, astearen hasieraren bezperan, 22:00etan. Musika eta antzezpen arloan emaniko lehen pausoak Granada hirian izan ziren, Freak Factory performance punk talden. Madrilera joan zen ondoren. Han, Petra Flurr ezagutu eta Krakovia taldea sortu zuten. Subterfuge diskoetxeak fitxatu eta Road Movie diskoa kaleratu zuten 2008an. DJ gisa, nazioarteko moda-ibiltoki, musika-jaialdi edo Europa osoko areto ugarietan lan egin du. 2010ean The Lucky Dados hirukote rockabilly madrildarra ezagutu eta estilo berriak lantzen hasi ziren: calypsoa, ska, surfa edo rock’n’rolla esaterako. The Secret Carnival diskoa kaleratu zuten (Subterfuge, 2010). 2014an bakarkako lehen diskoa kaleratu zuen: A Place With No Name. Aipatua aurrerapauso itzela izan zen bere ibilbidean: bere alderdi basati eta rock-zalea ahaztu gabe, jauzi handia egin zuen estilo pertsonalago eta bereziago baten bila.
Dokumental faltsuak ardatz
Urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartean izango da aurtengo jaialdia. Dokumental faltsuak, aurkitutako metrajea eta telerrealitatea bilduko ditu. The Blair Witch Project (Daniel Myrick eta Eduardo Sanchez, 1999) eta REC (Jaume Balaguero eta Paco Plaza, 2007) filmen arrakastaren ostean, genero horiek omendu nahi izan ditu zikloak.
Itxura errealista duten zortzi lan jasoko dituzte, kamera eskuan grabatuak izan direnak. Oraindik erabakitzeko dituzte zeintzuk izango diren film horiek, baina azken urteotako izenbururik garrantzitsuenak jasotzea espero dute. Horrekin batera, iraganari ere keinu egin nahi izan diote, eta Benjamin Christensenek zuzendutako Häxan (1922) filma ere emango dute.
Egitasmoarekin bat, Espainiako zineman efektu bereziek izan duten bilakaera azaltzen duen erakusketa bat antolatu dute: Iberia FX. Eskarmentua eta artifizioa Espainiako zineman. Arlo horretako profesional nagusiak omendu nahi ditu egitasmoak. Urriaren 31tik azaroaren 19ra bitartean egongo da ikusgai erakusketa, Donostiako Okendo Kultur Etxean. Erakusketa berezi honetan attrezzista, dekoratzaile, makilatzaile, arte-zuzendari eta efektu berezietako teknikarien sorkuntza diren itsaspekoen maketak, espazio-ontzi bitxiak, historiaurreko munstroak, haurtxo mutante ikaragarriak edo momifikatutako tenplarioak ikus daitezke. Horiekin batera, beren biofilmografia azaltzen duten informazio-taulak egongo dira. Honela, XX. mendeko hasieratik abiatuta egungo aurkikuntza digitaletara arte, bisitariak FX arloko trikimailu eta teknika nagusiak ezagutzeko aukera izango du.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea