Donostiarrako arraunlaria da Aitor Aranegi, taldearen lehen entrenamendu egunetik; hiriko traineru bateratuan hainbat gorabehera ezagutu ostean, orain arteko denboraldirik oparoena bizitu du aurten, hiru bandera astinduz.
Aitor Aranegi, Donostiarrako arraunlaria.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Bederatzi urteko lehortea bukatutzat eman du Donostiarra arraun elkarteak, hiriko garaipen-zerrenda ederki beteta. KAE-1 Ligako hiru bandera astindu dituzte Torrekua II traineruko kideek, baina seigarren postuan bukatu dute, igoerako play offa jokatzeko aukerarik gabe. Hiru garaipenetan arraunean aritu da Aitor Aranegi (Velez-Malaga, 1989), eta bizitakoaren eta datorrenaren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri. Izan ere, ez da nolanahiko erronka datozen asteburuetan datorkiena, Kontxako Bandera, urteko lehiarik garrantzitsuena.
Hasteko, azaldu beharko duzu zer egiten duen Malagan jaiotako mutil batek Donostiarran arraunean.
[barreak] Nahiko anekdotikoa da hori. Berez, Velez-Malagan jaio nintzen, gurasoak bertara joan zirelako lanera. Hiru urte betetzear nintzela Donostiara etorri ginen, eta esan daiteke hemengoa naizela. Talde mailan txantxa moduan erabiltzen dugu, baina berez egia da. Parte Zaharrean bizi izan naiz txikitatik gurasoekin, eta urte hasieratik Egian bizi naiz lagun batzuekin.
Nolatan hasi zinen arraunean?
Orixe ikastolan futbolean eta saskibaloian jokatzen nuen bosgarren mailan, baina ez nintzen oso abila egia esan. Beste alternatiba baten bila hasi nintzen beste bizpahiru lagunekin batera, eta Arraun Lagunaken hasi ginen. Pare bat urte egin nituen, gero adin txarrean, beste pare bat urtez utzi nuen. Konturatu nintzen arrauna benetan gogoko nuela eta itzuli egin nintzen kadete bigarren mailan; ordutik jarraitzen dut arraunean.
Donostiarraren sorreratik zara bertako taldekidea.
Bai, hori da. Kadete eta jubeniletan aulki mugikorrean aritu nintzen Arraun Lagunaken, eta seniorra izatera iritsi nintzenean, Donostiarraren proiektua gauzatu zuten. Hasiera hasieratik hor nabil orduan.
Nolakoa izan zen hasiera hura?
Hasiera guztien moduan oso gogorra izan zen. Bi kluben ulertze maila aldetik… ideia polita zen, baina gauza asko zeuden lotzeko. Luis Mari Etxart izan zen lehen entrenatzailea, urtebetez egon zen; ondoren Mendi iritsi zen. Gero proiektua sendotzen joan da poliki-poliki, eta gaur egun atzera bueltarik ez duen klub sendo bat da.
Aurten lortu ditu Donostiarrak bere lehen banderak; aurreko urteetako oroitzapenak igaroko zitzaizkizun burutik, ezta?
Bai, pentsa! Hainbeste urte borrokan, neguan entrenatzen… maila pertsonalean uda onak ere izan ditugu, baina benetako saria aurten iritsi da, azkenean. Bizitza guztian nirekin arraunean ibili direnekin gogoratu nintzen.
Hiru bandera lortu dituzue, eta hiru estropada horietan barruan egon zara!
Bai, horretarako zorte ona izan behar da. Nahiko talde homogeneoa garela uste dut, eta edozein kanpoan geratuta ere banderak berdin-berdin iritsiko ziren.
Bandera bakoitza berezia izango zen, ezta?
Bai. Oriokoa lehenengoa izanda oso hunkigarria izan zen, oso barrutik bizitu nuen. Hainbeste urteren ostean, ezin sinetsi, gainera, estropadan oso denbora ona eginda. Kaiko Karmengo jaiak ziren gainera, eta berez ospakizunera gerturatuko ez litzatekeen jendearengana iritsi ginen.
Santoñakoa ere berezia izan zen, eta Aste Nagusiarekin bat egin zuen. Hori bai, lehen txandan atera ginen eta denbora asko egon behar izan genuen zain. Bereziki Ander patroiarengatik poztu nintzen; urte asko egin ditut berarekin taldean, eta berarekin ere irabaztea oso berezia izan zen.
Azkena Bilbokoa… estropada hori gogoko dugu. Ibaian, Bilbon, Guggenheimaren parean, bilboko zaleekin, Deustuko trainerua segundo batera utzita… ezin zen hunkigarriagoa izan.
Kasualitatea da hiru banderak erlojupekoan lortu izana?
Ez dut uste. Erlojupekoan bakarrik zaude, presio gutxiagorekin egiten duzu arraunean, eta lasaiago zoaz. Beste batzuetan estropada gure alde izan dugu hasieratik, eta gero urduritasunagatik edo, ezin izan dugu ongi bukatu. Agian, irabazten jakite hori falta izan zaigu.
Oso Liga parekatua izan duzue. Hiru bandera lortuta, Ligako seigarren postuan bukatu duzue.
Zelebreak gera gero! Hiru banderekin seigarren… ez dakit aurretik halakorik gertatuko zen. Parean lehiatzen jakin izan bagenu gehiago lortuko genuke, eta pena hori badaukat. Aurten KAE-1 mailan zazpi traineruk banderak irabazteko aukera errealak izan ditugu. Agian, lehia maila horretara ohituak ez egoteak eragin digu.
Edonola, Ligako azken txanpan lortutako emaitza on horiei esker gogotsu iritsiko zarete Kontxara, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Ligako azken bi estropadak irabazita, ezin hobe bukatu dugu Kontxari begira. Adorez gainezka gaude; arraunean ongi egiten badugu, eta ongi lehiatzen badugu, botea azkarra dela badakigu. Horrek Kontxarako indar berezi bat ematen digu.
Nola bizitzen dituzue Kontxako bi asteak?
Aste zailak izaten dira, presio aldetik, batez ere donostiarrentzako. Seinalatuak gauden trainerua gara, baina, hainbeste urteren ostean, gure burbuila egiten ikasi dugu, ahalik eta ondoen eta gogo gehienarekin entrenatzen. Badakigu denboraldiko estropada garrantzitsuena dela guretzako, presio puntu bat dugu, eta ahalik eta lanik onena egitera joango gara.
Zein da zuen helburua?
Hori baldintza askoren menpe dago; baina, aurten baten bat zirikatzeko aukera dugula uste dut. Itsasoa oso bare baldin badago, denbora on bat egin dezakegu, 20 minututik jaitsi gaitezke eta Donostiarrak duen marka onena hobetu dezakegu. Itsasoa mugitua badago… edozer gerta liteke. Aurten benetan uste dut atzeko postu horiek jokatzeko aukera dugula.
Baduzu erriturik Kontxari begira?
Egia esan ez daukat ohitura berezirik. Ongi deskantsatu eta benetan momentua iritsi arte estropadan gehiegi ez pentsatzen saiatu. Arraunean gehiegi pentsatze horrek niri behintzat burua nekatzen dit, eta burua nekatuta izanda, gaizki goaz.
Zaleen berotasuna gehiago nabaritzen duzue egunotan?
Bai. Azken urteotan marea txuri hori gero eta gehiago nabaritu izan da. Jada ez da arraroa Donostiarraren kamiseta bat ikustea Kontxan edo urtean zehar. Konturatu gara garaipenek zein eragin duten zaleengan; eta gelditu ezingo den munstro bat izango da goraka egiten dugun neurrian. Betiko zaleak ere baditugu, eta Portaletas lagunartekoak, baina nabari da bai gorakada, eta uste dut gero eta gehiago garela.
Motzean, Di-da
- Klub bat. Donostiarra.
- Traineru bat. Torrekua.
- Arraunlari bat. Ekain Iriarte.
- Patroi bat. Ander Iriarte.
- Entrenatzaile bat. Iñaki Arratibel; txikitan gure entrenatzailea izan zen eta oroitzapen polita dut.
- Arraunean bizitako momentu berezi bat. Kontxan lortutako laugarren postua.
- Momentu txar bat. Elantxobeko estropadak, normalean txarrak ateratzen zaizkigu.
- Estropada eremu bat. Kontxako badia.
- Traineruko postu bat. Estriborrean, bitik.
- Zer suposatzen du Donostiarrak zuretzako? Nire etxea da; onerako edo txarrerako [barreak].
- Nola definituko zenuke aurtengo denboraldia? Gehiago egiteko gai izatearen sentipenarekin geratu naiz.
- Desio bat. Kontxako Bandera irabaztea.