Kortxoenearen eraistea 2013an onartutako hirigintza proiektuaren ondorioa dela dio udal gobernuak
"Donostiako Udalak ez du eraikinarenganako ez ardurarik, ez eskumenik", adierazi du ohar bidez.
Gaur goizean Kortxoenea botatzen hasi direla eta, udal gobernuak ohar bat bidali du. Udal gobernuak argitu nahi izan du Donostiako Udala ez dela Kortxoenea eraikinaren jabea eta, ondorioz, eraikinaren jabeak erabakitzen duela erakinarekin zer egin. Aurreko legealdian onartutako hirigintza proiektuaren ondorioa dela dio, aurreko udal gobernuak onartu zuela, 2013ko abenduan: “Manteo eta Indianoene kaleko birpartzelazio proiektua onartu zuen, eta bertan garajeak egiteko aukera jasotzen da”.
Eremu horren jabea eta promotorea Kortxoenearen titularra dela, eta beraz, eraikinaren ardura eta eskubidea duela adierazi du udal gobernuak. Ondorioz, “Donostiako Udalak ez du eraikinarenganako ez ardurarik, ez eskumenik”. Bere jabego-eskubideak jarraituta, promotoreak Indianoene kaleko Kortxoenea botatzeko baimena eskatu zuela azaldu du oharrean, eta Donostiako Udaleko Hirigintza sailak baimena eman ziola uztailaren 14an, ” eta, beti, hirigintza- eta zuzenbide-baldintzak beteta”.