Kortxoenea berriz okupatu dute, eta hondeamakinek botatakoa konpontzen ari dira. Kukutzako auzipetuekiko elkartasun mobilizazioekin bat egin, eta gaztetxearen aldeko manifestazioa egingo dute irailaren 12an.
Groseko gaztetxea bizirik nahi dute. Lanean jarraituko dute “bost urtez hamaika talde eta eragileren habia” izan den eraikina babesteko: “lusioz eta konpromisoz, edozein amets gauzagarria dela erakutsiko dugu. Aspalditik darabilgun lemari eutsiz, bakarrik ezin da, lagunekin bai”.
Atzo arratsaldean Kortxoenea inguruko bizilagunek ohartarazi zieten langile batzuk sartu zirela bertan, eta hondeamakinak zeudela. Gaztetxea botatzen hasi ziren, baina lanak behin behinean eten behar izan zituzten, ez zituztelako segurtasun neurriak bete: “Guztiz legez kanpokoa izan zen Kortxoenea eraisteko ahalegina. Gurekin, erakinaren erabiltzaileekin inolako hartu emanik izan gabe etorri, eta guztia suntsitzen hasi ziren. Argi geratu zen beraien asmoa, baimenik gabe eraikina botatzen hasi egoerak atzera bueltarik izan ez zezan, eta horrekin prozedura guztia azkartu. Baina herritarrei esker, ez zitzaien jokaldia nahi bezala atera”. Iluntzean berriz okupatu zuten Kortxoenea, eta asteburuan auzolanean berreraikitzen ari dira eraikina.
Gaur goizean prentsaurrekoa eman dute gaztetxeko kideek, eta Kortxoenea suntsitu nahi izatea egotzi diote udalari: “Udal gobernuak proiektu autogestionatuekiko jarrera erakutsi zigun. Udaltzaingoa eraikuntza enpresa baten segurtasun pribatu funtzioak betetzen ikusi genuen. Udaleko prozedura burokratikoa arindu eta baimenak eman, hori izan da udalaren jarrera”.
Iragarri dute, hark agertutako jarreraren ondotik, bukatutzat ematen dituztela elkarrizketa oro: “Ez gaude prest Kortxoenea bezalako proiektu bat suntsitzea helburu duen inorekin harremanik izateko. Kultur hiriburutza denen ahotan dagoen honetan, hau da agintariek bilatzen duten hiri eredua. Kultura pribatizatu, eta proiektu herritarrak suntsitu”.
Proiektuarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute Kortxoeneako kideek, eta manifestazioa egingo dute datorren larunbatean, Kukutzako auzipetuen aldeko mobilizazio egunean. Donostiako Bulebarretik abiatuko da protesta 17:30ean.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea