Groseko gaztetxea eraisteko saiakera 'lardaskeria' izan dela salatu dute Axier Jakak eta Ricardo Burutaranek; alternatibak proposatzeko eskatu diote Udal Gobernuari.

Alternatiba bat proposatzeko eskatu dio EH Bilduk Gobernuari. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak eta Ricardo Burutaranek agerraldia egin dute gaur, asteburuan
Kortxoenea Groseko gaztetxea eraisteko gertatutako saiakeraren harira. Alderdiko ordezkariek
babesa agertu diete gaztetxeko erabiltzaileei, eta
salatu dute lizentzia irregulartasunez beteta zegoela, eraikina eraisteko saiakera “lardaskeria” izanik. Obra bertan behera gelditu da denbora batez, eta tarte hori aprobetxatzeko eskatu diote Udal Gobernuari, gaztetxearen erabiltzaileekin harremanetan jarri eta
alternatiba bat proposatzeko.
Jakaren esanetan, eraikinaren eraisketa “araurik gabe” egiten saiatu dira, bertako
gazteei inolako alternatibarik eskaini gabe: “Kortxoenearekin izandako jarrera ikusita, garbi gelditu da
EAJ eta
PSE-EEren gobernu eredua; gazteekin harreman guztiak eten dituzte, eta inolako elkarrizketa edo proposamenik gabe, aukera bakarra eskaini dute, eraikina botatzea, alegia”.
Horrela, gazteek euren jarduera kulturalak antolatzea ez onartu izana saltu du Jakak: “Harrigarria eta kezkagarria iruditzen zaigu gobernu honi ez gustatzea gazteen autogestiorako askatasuna.
Kortxoeneak kultur jarduerak antolatzeko espazioa eskaintzen die gazteei, baina
Donostia 2016ren ateetan egon arren, eta Europako hirietako joeren aurka, hemengo instituzioek ez dituzte proiektu kultural alternatiboak babesten”.
Eraisketa saiakera, babes neurririk gabe
Burutaranek azaldu duenez, gaztetxea eraisteko saiakera bertan behera utzi behar izan dute,
lanak “modu irregularrean” egin zituztelako: “Eraikina botatzeko lizentziarekin azaldu ziren bertan, baina
segurtasun neurri guztiak saihestu zituzten; ez zuten hesiak jartzeko lizentzia bete, ez zuten eraikina hustu, bide publikoak irekita utzi zituzten, eta gunean ibilgailuak zeudela hasi zituzten lanak”. EH Bilduko zinegotziak salatu du
eraikinean bizilagunak zeudela eraisketa hasi behar zuten unean: “Aurkeztu zuten lizentziaren arabera,
16, 18 eta 20 zenbakiak botatzeko bahimena zuten; paradojikoki, 20 zenbakian familia bat bizi da, eta etxean zeuden eraikina botatzeko ahalegina egin zuten unean”.
Kortxoenea botatzeko aurrikuspena bazuen udalak 2010 urtetik, baina aurreko legegintzaldiko gobernua
alternatiba batean lanean zebilela gogoratu du Burutaranek: “Denok dakigu Kortxoenea eraitsi beharko dela uneren batean, baina ez du inolako zentzurik orain, bapatean eta inolako alternatibarik gabe, zerbitzu kultural positibo bat ematen duen gune bat eraitsi eta hirian hutsune bat sortzea”.
EH Bilduko ordezkarien ustetan,
Kortxoenean gertatutakoa “arduragabekeria” izan da Udal Gobernuaren aldetik, eta “berehala” gaztetxeko arduradunekin kontaktuan jartzeko eskatu diote alkate eta alkateordeari, konponbide bat aurkitu dezaten: “Orain gobernuan daude, eta beren lana herritarrekin hitz egitea da; asteburuan gertatutakoa erabateko arduragabekeria da Udal Gobernuaren aldetik”.