Jaizkibel konpainiak 'Hondarribia, Berdintasunaren Hiria Saria' eman dio. Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri taldeen lana ere aitortu dute.

Kresala Elkartearen danborradan irten ziren lehen aldiz emakumeak 1980. urtean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
‘I. Hondarribia, Berdintasunaren Hiria Saria’ jaso du
Kresala elkarte donostiarrak. Hondarribiko Jaizkibel konpainiak antolatutako saria izan da, eta jaietan emakumeen parte hartzea sustatu duten pertsona edo taldeak aintzat hartzea du helburu. Lehen ekitaldi honetan,
Donostiako Kresala,
Zumarragako Irrintzi eta
Tolosako Udaberri taldeak saritu dituzte. Hiru taldeek Jaizkibel konpainiaren zapi bana jaso dute.
Kresala Elkartearekin
lehen emakumeek desfilatu zuten Donostiako danborradan, 1980. urtean. Tolosan, 2013ko San Joan egunean,
bordon-dantzan aurrenekoz aritu ziren Udaberri dantza taldeko emakumeak. Eta Zumarragan, aurten izan da lehen aldia emakumeek gizonekin batera
Antioko ezpata-dantzan parte hartu izan dutena.
Epaimahaiko kide izan den Garbiñe Biurrun epaileak sari banaketan jakinarazi zuenez,
“jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean” saritu dituzte Udaberri, Irrintzi eta Kresala. Biurrunekin batera, Maialen Lujanbio bertsolaria, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Xabier Lapitz kazetaria eta Nieves Alza, Hondarribia Saskibaloia klubeko presidente izandakoak osatu dute Hondarribia, Berdintasunaren Hiria sariko lehen ekitaldiko epaimahaia. Jaizkibel konpainiaren bigarren entseguaren atsedenaldian egin zuten sari banaketa, ostiralean, Hondarribiko kultur etxeko areto nagusian.

‘Hondarribia, berdintasunaren hiria’ sarien ekitaldia Hondarribiko kultur etxean. (Argazkia: Oarso Bidasoko Hitza)