Zergak 1,02 igotzeko asmoa azaldu dute Eneko Goia alkateak eta Ogasuneko zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak.
Ogasunean aldaketak proposatuko ditu Udal Gobernuak. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Tokiko gobernu batzordea egin dute gaur, eta bertan hartutako erabaki eta proposamenen berri eman dute
Eneko Goia Donostiako alkateak eta
Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko zinegotziak. Alkateak hiru gai nagusi azpimarratu ditu: Udaltzaingoaren Aieteko egoitza berriaren egokitzapen lanak, zuzendari berrien izendapena, eta Anoetako estadioaren plan bereziaren hasierako onarpena.
Anoetako plan bereziaren hasierako onarpena bereziki azpimarratu du Goiak, eta
urte bukaerarako behin betiko onarpena izatea espero duela adierazi du: “Aurrerapauso handia da hasierako onarpena izatea, eta behin batzarretik pasata, alegazioak aurkezteko epea irekiko dugu. Hala, urte amaieran behin betiko plana eskuartean izatea espero dugu, obrekin hasteko”. Alkateak azaldu duenez,
Realaren plano eta proiektuak erabili dituzte plan berezia diseinatzeko, eta prozesu honekin batera elkartearen estadioa eta estadio txikia berritzeko proiektu arkitektonikoa aztertu eta baloratuko dute: “Aurreko legegintzaldian adostu zen moduan, Anoetako kiroldegia udalaren eraikina izango da, eta beraz, udalak diru kosturik ez izatea izango da gure helburua”.
Alkatearen arabera,
Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izango du proiektuak: “Ziur nago bi erakundeen balorazio positiboa eta laguntza jasoko dugula”.
Horrela, udalak
Izaskun Larzabalen Arquitectura y Urbanismo estudioak idatzitako plangintza erabili du plan berezia onartzeko. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, proiektu berriak honakoa aurrikusten du: estadioan 11.000 ikusle inguru gehiago sartzea, ikuspena hobetzea eta segurtasun, irisgarritasun eta ebakuazio neurriak hobetzea. Gainera, Kultur Etxea eta kirol federazioen bulegoak hobetuko dira, baita Realaren bulegoak ere. Era berean, Estadio txikian aldaketak egingo dira: lehenik, harmaila handituko da eta, guztira, 850 ikusle hartuko ditu; eta bigarrenik, zelaia eta kanpoko pistak moldatuko dira – atletismo pistaren neurrikoak izango dira –.
Plangintzaren aldaketa honek, Hiri-Antolamendurako Plan Orokorraren aurreikuspenak garatzen ditu, betiere, bi kirol-instalazio horien eraikigarritasun-ingurua handituz. Hortaz, Anoeta Estadioaren eraikigarritasuna 21.235 m2 handituko da lur azalean eta, lur azpian, aldiz, 9.850 m2. Estadio txikiak, berriz, bere eraikigarritasuna 1.597 m2 handituko du lur azalean, eta lur azpian 1.411 m2. Beraz, kirol-instalazioen okupazioa 2.877 m2 handituko da da.
Izendapen berriak udaletxean
Bestalde, alkateak hiru izendapen berri aurkeztu ditu udaletxean; horrela,
Juan Ortiz de Zarate Mantentze-lanetako eta Hirigintza Zerbitzuetako zuzendaria izango da;
Josu Beneito Ingurumeneko zuzendaria; eta
Juan Carlos Cuevas Hirigintza-Jasangarriko zuzendaria.
Azkenik, alkateak, adierazi du
Udaltzaingoaren Aieteko egoitza berriaren obren pleguetan tiro galeria gehitu dutela, lana errazteko.
Aldaketak eta 1,02ko igoera Donostiako ogasunean
Ogasuneko zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak hainbat aldaketa aurkeztu ditu ogasunean, eta
zergen bataz bestea 1,02 igoko dela adierazi du: “Zergak bataz beste %1,02 handitzea proposatu dugu. Horrenbestez, udalak diru gehiago gastatuko du herritarren zerbitzuetan. Hala ere, hiritarrei eskatuko zaien esfortzua txikiagoa izango da Udal Gobernuak proposatuko duen aurrekontuaren handitzea baino”.
Udal gobernuaren proposamenaren arabera,
9 tasa eta zerga aldatuko dituzte, eta beste 13 bere horretan mantenduko dira. Aldaketak datorren urtean jarriko dira martxan.
Gehien handituko diren tasak t
errazen, zaborren eta saneamenduaren gaineko tasak izango dira. Hain zuzen ere, zinegotziak azaldu du udalak %31ko galerak dituela zaborrekin, eta %27 saneamenduarekin. Horrela, bi eremu horietan
%5 igoko dituzte zergak. Dena den, urak ez du igoerarik izango.
Terrazei dagokionez, Dominguez-Macayak adierazi du udako tarifen denboraldia luzatu dela eta, ondorioz, maiatza eta urria denboraldi horretan sartu direla – horrenbestez, terrazen gaineko arauak dioena beteko da –. Hala, Maila Bereziko edo Lehenengo Mailako terrazen tasa
%5 handituko da (Parte Zahar eta Erdialdeko terrazetan) eta, gainerako mailetako tasa
%3 handituko da.
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, berdin
Era berean, zinegotziak adierazi du
OHZ %1 igoko dela, baina iaz %4 jaitsi zela kontuan hartuta, bataz beste mantendu egiten dela gaineratu du: “Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ez da aldatuko, izan ere, %1 handituko da eta, horrek, etxebizitzen katastro-balioaren txikitzea berdinduko du, zerga parean utzita”.
OHZrekin berritasun bat geitu du Udal Gobernuak, izan ere, ekonomia-egoera larria duten kide bakarreko familiek gutxiago ordaintzea proposatuko du.
Beste proposamen bat ere egingo dute: baliabide eskasak dituzten ez ohiko etxebizitzen jabeei OHZ gehiago ez kargatzea proposatuko dute, etxebizitza horiek merkatuan jartzeko egokitzeko baliabide eskasak dituzten jabeei erraztasunak emanez.
Denda txikiak jartzeko jardueren gaineko tasa kentzea
Azkenik, aurretiko lizentzia behar ez duten denda txikiei jardueren gaineko tasa kentzea proposatuko du Udal Gobernuak, denda txikiak ireki nahi duten hiritarrek izapideak bizkorrago egin ahal izateko.