Eneko Goia: "Tabakaleraren irekierak Egiako ingurua hobetuko du"
Donostiako alkatea Tabakaleran izan da, gunearen irekiera ekitaldia baino lehen.
Eneko Goia Donostiako alkatea Tabakaleran izan da gaur, irekiera eguna baino lehen. Tabakalerako zuzendari Ane Rodriguezekin eta Jon Montero arkitektoarekin batera bisitatu du gunea, obren amaiera ikusteko. Alkateak azpimarratu du Tabakaleraren irekierak Egiako ingurua hobetuko duela, eta ziur dagoela ez diela donostiarren itxaropenei kale egingo.
Goiaren esanetan, Tabakalerak ez die hotz utziko hiritarrei: “Nik ez dut argituko Tabakalera barruko misteriorik, hori bihar gertatuko da. Hori bai, ona da hiritarrek jakinmina izatea eta, beraz, Tabakalera barruan dagoena ikusteko gogoa izatea”.
Bestalde, alkateak adierazi du Tabakaleraren irekierak Egiako ingurua hobetuko duela: “Eraikinaren inguruan zegoen hesia kenduta, Mundaizeko bidea zabalagoa izango da. Hala ere, bideak baditu bere mugak; etorkizunean muga horiei helduko diegu”.
Eraikinaren ondoan Nestor Basterretxea plaza egin dute (aurreko legealdian aukeratu zen izena) eta bertan izango da Tabakaleraren sarrera nagusia. Goiak azaldu duenez, Nestor Basterretxea plaza irekitzeak Egiako pasabidea hobetuko du, laburragoa izango baita eta sarreratik pasabidearen irteera ikusiko delako: “Hori funtsezkoa da segurtasuna bermatzeko; gainera, pasabide berriak Egiara joateko irisgarritasuna hobetuko du”.