Zinemaldi Alternatiboa egingo dute hilaren 24tik 26ra
Kortxoenea gaztetxeari buruzko 'Irautea sortzea delako' dokumentala estreinatuko dute jaialdian.
Ez dakite ziur non egingo duten, baina badakite, egin egingo dutela. Groseko gaztetxean egin nahi dute Zinemaldi Alternatiboa, baina eraisteko arriskuan dagoenez, azken unerarte itxaron beharko dute bertan egin ahal izango duten jakiteko. eta Badakite ere zer ekarriko duen aurtengo Zinemaldi Alternatiboak.
Hiru dokumental emango dituzte. Kataluniaren prozesu soberanista mugimendu libertarioaren ikuspuntutik jorratuko du Radikales Libres filmak. Jakue Pascualek eta Alberto Peñalbak azaroaren 9ko kontsultaren aurreko egunetan grabatutako dokumentala da.
Temps de CanVi(e)s dokumentalak Bartzelonako Can Vies autogestionatutako zentroaren desalojoak piztu zituen istiluak eta gatazkaren inguruko gogoeta ekarriko du Donostiara. Egun horien kronikaz gain, hainbat elkarrizketa biltzen ditu filmak. David Fernandez, Ferran Aguilo eta Elba Mansilla elkarrizketatu dituzte filmean, baita Can Vies-en aurkako bizilagunak eta Jordi Marti zinegotzia. DateCuenta zinema eskola eta elkarteko irakasle batek eta lau ikaslek egin dute ikus-entzunezko hau.
Zinemaldi Alternatiboan estreinatuko dute Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentala. Hamar elkarrizketatik gora, argitaratu gabeko artxibo irudiak, gaztetxean garatzen diren proiektuak… Elementu horiek guztiak bildu dituzte Beñat Apalategik, Markel Ormazabalek eta Joseba Parronek. Groseko gaztetxearen historia biltzeaz gain, gune autogestionatuen inguruko hausnarketa ere planteatu nahi dute, gune horiek duten “balio eraldatzailea” nabarmenduz: “Autogestioaren praktikak Donostia bezalako hiri batean ikusgarri egin nahi ditugu, baita autogestioak hartzen duen garrantziaren inguruko gogoeta bultzatu ere. Elkarrizketa asko ikuspuntu horretatik egin ditugu”.
Zinemaldi Alternatiboa 2006. urtean sortu zen, Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren eskutik. Hainbat urtez ospatu gabe egon ostean eta Groseko Kortxoenea gaztetxea okupatuta, jaialdia Kortxoenean egiten hasi ziren. Iaz Txantxarrekan eta Itsas gain-en egin zuten, eta aurten Kortxoeneara itzultzeko asmoa zuten.