"Jendea taldearekin gustura dagoela ikustea polita da"
Iñigo Herrero, Donostiarrako arraunlaria.
Donostiarra arraun elkartean lehen denboraldia osatzen ari da Iñigo Herrero (Altza, 1985). Beste kirol batzuetan ibili ostean, Trintxerpen hasi zuen bere arraun ibilbidea, eta hiru denboraldi egin zituen bertan. Urtebetez arrauna utzi ostean, berriro itzuli da tostartera, eta igandean Kontxako Banderan arraunean aritu zen, lehen aldiz.
Urduri iritsi zineten Kontxara igandean?
Ligako beste estropada baten moduan hartu genuen. Entrenatzaileak aste osoa horrela planteatu zuen, eta nahiko lasai iritsi ginen. Urduritasuna bagenuen, ni behintzat gainontzeko estropadetan baino urduriago nengoen, baina betiko moduan pasa genuen goiza. Goiz geratu, elkarrekin kafe bana hartu, beroketa lasai bat egin eta uretara nahiko lasai irten ginela esango nuke.
Lehen txandan lehiatu zineten. San Pedrorengana ahalik eta gehien hurbiltzea zenuten buruan?
Banegenien TKE Ligakoak beste maila batean daudela, eta bereziki gure helburua ez zen San Pedrori edo beste traineru bati eustea. Bagenekien gure ontzia ongi ibili zela astean zehar, eta, gure arraunkeran sartu eta xehetasun guztiak ongi betetzen bagenituen, trainerua azkar joango zela. Helburua gurera joatea zen, eta estropada on bat egitea.
Nola bizitu zenuten estropada?
Egia esan, itsasoa bareagoa egongo zela uste nuen; ez zen mugitua egon bereziki, baina bazegoen kanpoaldean istriborretik sartzen zen olatu txiki bat. Baldintza horiekin entrenatu dugu astean zehar. Irteera nahiko ona egin genuen, besteei heldu genien eta, gure paladan sartu ginenean, kanpoaldera oso ondo joan ginen. Gero, barrualdera, irla parera iritsi aurretik pare bat minutu izan genituen txarragoak, itsasoa zakarragoa zegoen hor eta trainerua ez zen hain helduta joan. Badia barruan lortu genuen berriro ongi mugitzea, eta gustura bukatu genuen.
Denbora hobea egitea espero zenuten edo lehenengoarekiko tarte txikiagoa izatea?
TKE Ligan goian dabiltzan lauzpabost taldeak minutu batetik gorako aldea ateratzen ari da atzekoei… beraz gu minutu batera geratzea pentsa zitekeela uste dut. Denborari dagokionez, 20 minutura gehiago hurbilduko bagina hobeto, baina ez zen denbora txarra izan egin genuena. Sentipen onekin geratu behar gara, igandean konfiantzaz joan behar gara, eta gurekin irtengo diren traineruei heldu.
Zer duzue orduan buruan datorren igandeari begira?
Orain ez da momentua zerbait berria asmatzeko, edo zerbait aldatzeko. Ongi entrenatuta eta hasieratik egurra emateko asmoz joan behar gara igandera.
Lehen aldiz egin duzu Kontxan arraunean, ezta?
Bai, aurretik Trintxerperekin bizpahiru sailkatze estropadatan aritu nintzen. Ostegun horretako giroa oso polita izaten da, jende asko hurbiltzen da eta animoak egoten dira. Baina igandeetan beti ikusle moduan egon izan naiz, eta lehen aldiz ontzi barruan egotea polita izan da. Jende asko egon zen badia barruan txalupetatik animatzen, eta jendea taldearekin gustura dagoela ikustea polita da.
Zeinek eramango du aurtengo Kontxako Bandera?
Lehen txandatik bigarrenera beti haizea altxatzen dela esaten dute, eta igandean zerbait altxa zela ikusi genuen. Hondarribiak bigarren txandan aterata ere Urdaibairen aurretik geratzea lortu zuen, eta argi dago denboraldi oso ona egiten ari direla, eta eurenera doazela. Zaila izango da Hondarribia gainditzea, baina Urdaibaik ere baditu bere momentu onak eta poparean duten patroiarekin ongi etorriko direla uste dut.