Autobus geltoki berriko bizikleta zentroari buruzko interpelazioa aurkeztu dio EH Bilduk udal gobernuari
Aurreikusitako proiektua geldirik dagoela salatu dute.
EH Bilduk ohar baten bidez azaldu duenez, Atotxako autobus geltoki berrirako udal gobernuak bizikleten zentro bat egitea zuen aurreikusita. “Izan ere, EAJ eta PSE-EEren gobernuak aurreproiektu bat dute, baina ez dakigu orain arte pausurik eman duten”. Hori dela eta, EH Bilduk datorren asteleheneko batzordean erantzuteko interpelazio bat aurkeztu du.
Etorkizuneko autobus geltokia bidegorrira lotuta egongo denez, bizikleta zentro bat ezinbestekoa dela dio EH Bilduk. “Aurreko legegintzaldian Bilduk bizikletaren erabilera bultzatzeko apustua egin zuen, eta horregatik uste dugu oso garrantzitsua dela autobus geltokiak zentro bat edukitzea, txirrindan mugitzeko”, adierazi du EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak.
Hortaz, udal gobernuak aurreikusita zuen aurreproiektuarekin aurrera egingo duten jakin nahi dute, eta, “hala balitz, zein urrats egingo lituzkete”.