Asteleheneko batzordera eramango dute gaia, EH Bilduk aurkeztutako interpelazio baten bidez.
Mota gazteluan jarri duten plaka. (Argazkia: EH Bldu)
EH Bilduk udal gobernuak Urgulleko Mota gazteluan jarritako plaka lehenbailehen kentzeko eskatu zuen atzo, Bozeramaileen Batzordean. Talde guztien artean adostuta, beste bat jartzeko konprimisoa hartzea lortu zuten. “Hala ere, lehenbailehen kentzeko eskatu genien, eta EAJ eta PSE-EEk ezetz esan zuten. Beraz, plaka hau Urgullen dago orain eta datozen egun, aste edo hilabeteetan hor egon liteke”, salatu du EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak.
Gaur eskaera hori berretsi du EH Bilduk: “Erabat onartezina da 1813an donostiarrak bortxatu eta hil zituzten ejerzitoen omenez plaka bat izatea Urgullen. Munduko zein hirik omentzen ditu bere biztanleak bortxatu eta hil zituzten eta hiria bera erre zuten ejerzitoak? Bateraezina da abuztuaren 31n San Jeronimo kaleko plakan, hildako donostiarren omenez, lore eskaintza bat egitea eta egun gutxira, beste plaka bat jartzea, Urgullen, haien hiltzaileen omenez. Oso harrituta gaude udal gobernuaren jokaerarekin. Ulertezina iruditzen zaigu”.
Azal dutenez, plaka 1963an jarri zuten gazteluan, frankismo garaian, 1813ko sarraskiaren 150. urteurrenean, eta Espainiako, Frantziako, Erresuma Batuko eta Portugalgo ejerzitoak goraipatzen ditu. “Horien artean dira, hain zuzen ere, ehunka donostiar hil zituztenak eta hiria erre zutenak”. Horregatik, 2012an Bilduren udal gobernuak kendu egin zuela diote. “Eta orain, Eneko Goiaren gobernuak berriro jarri du toki berean”.
Hortaz, EH Bilduk “plaka iraingarri hori gaur bertan” kentzeko eskatu dio Eneko Goia alkateari. Horretarako, asteleheneko batzordean erantzunteko interpelazio bat aurkeztu du alderdi politikoak. “Plaka kentzen ez badute, Oroimen Historikoaren Aholku Kontseilura eramango dugu gaia”, amaitu du du Axier Jakak.