Dandai Emakumeen Elkarteak piztuko ditu Porrontxo jaiak
Auzoko emakumeen taldeak jaurtiko du txupina ostegunean, festen hasiera ofizialean.
“Bada mundurik Tabakaleraz gorago, hemen dira Porrontxo jaiak!”. Egiako jai batzordeak aurtengo porrontxoen egitaraua plazaratu berri du, eta aurtengo berritasunen inguruko xehetasunak eman ditu. Ofizialki ostegunean hasiko dira festak, baina egun handia iritsi bitartean ere haurrentzako jarduera mordoa egingo dituzte arratsaldero. Porrontxo jaiek “agenda zabala eta anitza” izango dela esan dute, eta azpimarratu dute egiatarren artean batzarretan adostua izan dela egitaraua, “egiatar garenok eta ez direnek gozatzeko”.
Ospakizuna ostegunean hasiko da (20:00), txupina piztearekin batera. Aurten auzoko Dandai Emakumeen Elkarteak jaurtiko du, eta elkarteko kideek irakurriko dute festetako pregoia. 2002. urteaz geroztik emakumeen topagune izan da eta hamaika jardueraren bultzatzailea.
Txupina jaurti ondoren, maldan behera abiatuko dituzte festak. Jaitsiera, bai. Aurten kuadrillen igoera egin beharrean maldan behera hasiko dituztelako. Txondorra elkartearen atzealdeko terrazan (Ametzagaina, 66) elkartuko dira 20:00etan. Haurrak, ohi bezala, lehenago murgilduko dira jaietan. Kuadrillen jaitsiera egingo dute 17:30ean, Porrontxo eta Porrontxinak lagunduta.
Gazteek ostiralean ospatuko dute Gazte Eguna. Iazko arrakastaren ondoren, aurten ere goiti-beherak abiatuko dira Polloeko aldapan behera. Ostiral iluntzean kuadrilla beteranoek afaria egingo dute Tejerian. Musikaz gozatzeko aukera ere izango dute jaizaleek: Telmo Trenor, Tajon Prieto y Los Kuajalotes, Trakets, Right Eous Way, Izeberg, Ezustean, Wha Wha Buga Band… Eta musika ibiltaria ere bai, Bolinga Monster Truck, Rock Kam Broom eta txarangekin.
Larunbat iluntzean Porrontxo jaietako XVIII. Herri Krosa egingo dute. Igandean sagardo dastaketa egingo dute Plaza Haundin. Egiako gastronomia elkarteek antolatutako bazkaria prestatuko dute eta sardina jatea egingo dute.
Porrontxo jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa martxan jarriko dutela adierazi dute: “Edonork du tokia Porrontxo jaietan. Edonork, jai giroa zapuztera datozenek izan ezik. Ez Egian ez beste inon, ez festetan ez beste inoiz, ez dugu jarrera sexistarik onartzen”. Kuadrillek agerraldia egingo dute asteartean, 19:00etan, Plaza Haundin: Inoiz baino ozenago esateko: erasotzailearen, sudurra moztu”.