Goizean goiz iritsi dira Groseko gaztetxera jabea, langileak eta ertzainak, baina bere horreta geratu da guztia.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaur joan dira berriro jabea eta langileak bigarrenez, eraikinean hesiak jartzeko asmoz Kortxoeneara, ondoren hura eraitsi ahal izateko. Enpresa eraikinaren jabea eta langileak joan egin dira gero, jarritako hesiak jaso ostean. Ertzaintza ere bertan izan da, baina joan egin da ondoren.
Hogei lagun baino gehiago ziren gaztetxe barruan, eta, momentuz, geldiarazi egin dute hesitzea. Horietako bat identifikatu dute. Gaztetxea hesitzen ari ziren bitartean geroz eta jende gehiago sartzen ari zen eraikinean.
Joan den ostiralean, hondemakinak eta langileak joan ziren Kortxoenea botatzeko asmoz, baina eraisteko baimenik gabe. Ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. Geroztik gaztetxea defendatzeko dinamika abiatu dute, eta askotariko jarduera eta mobilizazioak egin dituzte Kortxoenearen aldeko aldarria zabaltzeko.