Goi mailako afaria, Intxaurrondoko Gastronomia Astearen 25. urteurrena ospatzeko
Larunbatean Koxk! gastronomia eta elkartasun jaialdia egingo dute.
Ospe handiko zazpi sukaldarik prestaturiko afariarekin eman diote hasiera bart Intxaurrondoko Gastronomia Asteari. 25. urteurrena ospatu dute oraingoan gainera, eta goi mailako gonbidatuak bildu zituzten Yeyette jauregian. Herritarrak, sukaldari ospetsuak eta erakundeetako ordezkariak izan ziren bertan, Eneko Goia alkatea tarteko; 140 bat pertsona guztira.
Bartzelona, Cambrils, Madril edo Galiziatik etorritako sukaldariek ospakizunerako plater bereziak prestatu zituzten, eta baita euskal sukaldariek ere. Juan Mari eta Elena Arzak aita-alabek, Andoni Luis Adurizek edo Rafa Gorrotxagik esaterako.
Afariaren ostean, Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteko hainbat kide omendu zituzten. Bereziki gogoan izan zuten ‘Apaiza’, duela egun gutxi hil den kidea. Goi mailako afaria prestatzen aritu ziren sukaldariek ere jaso zuten esker ona, eta txapela bat oparitu zieten bakoitzari. Eta urteurren festetan egin ohi den moduan, Gorrotxategik prestaturiko txokolatezko 25 zenbakiari putz eginez amaitu zuten ospakizuna.
Dena dela, antolatzaileen arabera Gastronomia Astea hasi besterik ez da egin. Bihar gazte afaria egingo dute, eta larunbatean, berriz, Koxk! elkartasun eta gastronomia jaialdia ospatuko dut 11:00etatik aurrera.