Zilarrezko Maskorra irabazi zuen iaz daniarrak, 'Stille Hjerte' filmean eginiko lanagatik. Beste sei adituk osatzen dute 63. aldiko epaimahaia.

Paprika Steen aktorea.
Paprika Steen aktore danimarkarra izango du buru Donostiako 63. Zinemaldiko
epaimahai ofizialak. Hark eta epaimahaia osatzen duten zinemaren munduko beste sei lagunek erabakiko dute, hortaz, zein pelikulak mereziko duen aurten
Urrezko Maskorra eramatea, baita gainerako sarien irabazleak zein izango diren ere. Ostiralean hasiko da jaialdia, eta epaimahaia jakinarazita, dena prest dago jada.
Zinemaldia ez zaio arrotza Steeni (Frederiksberg, Danimarka, 1964), ezta bere lana jaialdiko publikoari ere. Lehenago ere izana zen Donostiako jaialdian, eta iaz emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Bille Augusten zuzendaritzapean Stille Hjerte (Silent Heart) pelikulan egindako lanagatik. Eskandinaviako aktore garrantzitsuenetakotzat hartua, Dogma mugimenduko kide nagusienetako bat izan zen, eta protagonistaren rola jokatu zuen korronte horretako hiru lehen pelikuletan —Thomas Vinterbergen Festen (Celebration, 1998), Lars Von Trierren Idioterne (The Idiots, 1998) eta Soren Kragh-Jacobsenen Mifunes sidste sang (1999) filmetan—. Sari ugari irabazitakoa da aktore gisa, baina zuzendari gisa ondutako lehen lanarekin ere —Lad de sma born… (Aftermath) (2004)— hainbat jaialditan lortu zuen aitortza.
Haren gidaritzapean, beste sei kide ariko dira epaimahaikide lanetan: Nandita Das aktore eta zuzendari indiarra; Daniel Monzon zinemagile kataluniarra; Hernan Musaluppi zinema ekoizle eta irakasle argentinarra; Julie Salvador ekoizle frantziarra; Uberto Pasolini zuzendari, gidoigile eta ekoizle italiarra; eta Luciano Tovolo argazki-zuzendari italiarra.
Hilaren 26ra bitarte izango da aurtengo Zinemaldia. Orotara, 17 film lehiatuko dira Sail Ofizialean.