Udal talde guztiekin bilerak egin dituzte, jasaten dituzten zarata eta eragozpenak azaltzeko eta irtenbideen bila lanean jartzeko gonbitea luzatzeko.

Konstituzio plazako terraza bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideek udan zehar jasan dituzten
zarata eta eragozpenak salatu dituzte ohar baten bidez. Azaldu dutenez, duela hamabost urte inguru, Parte Zaharra “alde saturatua” izendatu zuen udal gobernuak, 166 biztanleko taberna bat zegoelako. “Hala izanda ere, araudiari izkina eginez (negozioari bestelako izendapena jarriz, lizentzia aldatuz edo zabalduz…) taberna berriak ireki, eta orain
Parte Zaharrean 100 biztanleko 3,45 establezimendu ditugu, 29 biztanleko bat). Jakin izan dutenez, Iruñean eta Bilbon arazoari aurre egiteko neurriak hartzen hasi dira: tabernak edo turismorako ostatuak irekitzeko baimen berririk ez ematea, esaterako.
Parte Zaharreko zarata maila ezagutzeko, iaz Donostiako Udalak ikerlan bat egin zuen. Horren arabera, “zarata maila arauz kanpokoa da, eta auzotarren atsedena eragozteko modukoa; honek auzotarron osasunerako arrisku nabarmena dakar”. Gainera, diote auzo elkartetik, “espazio publikoaren erabilera pribatizatzen joan da, eta auzoa aisialdirako parke bihurtzen ari zaigu”. Turismorako ostatuak ugaritzen ari direla azaldu dute, eta ugaritze horrek arriskua dakarrela diote: “
auzoan bizi nahi dutenek etxea bertan aurkitu dezaten eragozten du“.
Irtenbide baten bila
Arazo honi aurre egiteko eta “auzoak etorkizuna izan dezan”, lan mahai bat eratu behar dela uste dute, egoera aztertu eta irtenbideak bilatzeko. “
Neurriak hartzen ez badira, auzoak –auzo gisa- desagertzeko arriskua du“. Bada, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak udal talde guztiekin bilerak egin ditu, auzotarren bizitza kalitatearen galeraren aurreko kezka azaltzeko eta irtenbideen bila lanean jartzeko gonbitea luzatzeko. Oinarri gisa
Gutxieneko neurrien dokumentua helarazi diete. “Dokumentu horretan, ostalaritza lizentziak emateko moratoria ezartzea eta egungo araudiak zorrotz bete daitezela eskatzen dugu”.