"Metroarekin, garraio publiko bat beste batekin lehiatuko litzateke"
Donostialdeko Metroaren proiektuak kezka piztu duela ez dago zalantzarik. 24 ordutan, egitasmoari buruzko bi jardueratan bi areto bete dituzte herritarrek. Astelehenean, Karmeldarretan batzar irekia egin zuen Metroaren aurkako mugimenduak; eta atzo, Koldo Mitxelenan, Ander Gortazar adituaren hitzaldia antolatu zuen.
Koldo Mitxelenan egindako hitzaldiari dagokionez, aretoan bakarrik ez, liburutegiaren sarreran ere bildu zen jende andana. Barruko eserlekuak beteta, kanpoako telebistaren bitartez jarraitu zituzten herritarrek Gortazarren azalpenak. Hain zuzen ere, arkitekto donostiarrak garraio sistema alternatiboak landu zituen Hirigintzako masterrean, Donostia adibide hartuta, Metroa gisako azpiegitura bat eraiki gabe garatu daitezkeenak. Lan horretan ateratako ondorioak ekarri zituen hitzaldira, eta Donostiarentzat Metroa ez dela garraio sistema eraginkorrena berretsi zuen.
Lehenik eta behin, bertaratutako jendeari mezu bat igorri zien Gortazarrek, oraindik egitasmoari aurre egin ahal zaiola azpimarratzeko: “Halako egitasmoek dirudite erabakita daudela, inpresio hori eman nahi izaten zaie herritarrei, eta hauen artean etsipena sortu ohi dute horrela”, esan zuen, eta 2012ko albiste bat ekarri zuen gogora, non Metroaren obren hasiera iragartzen zuten. “Hala izan balitz, pasantea errealitatea izango litzateke gaur egun, eta ez da horrela”, erantsi zuen.
Garraio sistemaren oinarriak azaldu eta gero, Metroak ekarriko lituzken arazoak zerrendatu zituen: “Topoaren erabilerak gora egingo luke Metroarekin, baina ez ibilgailu pribatuen kalterako, garraio publikoaren beste baliaabideen kalterako baizik. Donostibus ere ondorio horretara iritsi zen duela urte batzuk egindako txosten batean: 5, 13 eta 28 lineatan maiztasunak murriztu beharko lituzke; hain justu, gehien erabiltzen diren lineatan”, azaldu zuen. “Paradoxa bat emango litzateke: Metroarekin, garraio publiko bat beste garraio publiko batekin lehiatuko litzateke, erabiltzaile berdinak erakartzeko”, ondorioztatu zuen.
Gainera, nabarmendu zuen Metroak ez lituzkeela hobetuko egun dauden zenbait hutsune; Igara eta Zuatzuko industria guneetara ibilgailu pribaturik gabe joateko aukera ez luke bermatuko. “Metroak ibilgailu pribatuaren erabiltzailea ez du garraio publikora erakartzen”, esan zuen.
Arazoak mahaai gainean jarri eta gero, alternatibak proposatu zituen. Horretan, autobusaren aldeko apustua egin zuen: “Ordua da autobusak duen estigma kentzeko. Gaur egun ez da lehen zen garraio deserosoa. Gainera, zaratarik gabekoak dira gaur egun, eta errail propioa dute maiztasuna bermatzeko”. Autobusa eta Topoa sare berean jartzearen alde egin zuen, garraio loturak sortuz; autobusetik trenera eta alderantziz, bidaiariek aldaketa egin ahal izateko.
Gortazarren azalpenen ostean, bildutako askok hitza hartzeko aukera izan zuten. Kalitate handiko esku hartzeak izan ziren; Euskotreneko zenbait langile egindakoak, kasu. Metroa zalantzan jarri zuten gehienek, eta, hori dela eta, Metroaren kontrako mugimenduak bere eskaerari eutsi zion: proiektua geldi dezaten eskatu zuen, ezer baino lehen, gizarte eztabaida bat sustatzeko. Hori izan zen, hain zuzen ere, atzoko hitzaldiaren helburu nagusia.