«Errealitateak fikzioa aise gainditu ohi du»
Ez dira aktore profesionalak, baina Donostia Zinemaldian gaur estreinatuko duten ‘Vinyland’ filmeko protagonistak dira. Musika barru-barruan daramate, eta pasio horrek ekarri ditu Mikel Insausti eta Marcos Garciaren dokufikziora.
Iñigo Alfaro, Jose Joaquin Forcada ‘Forki’, Jose Luis Olabeaga eta Iñigo Arzallus. ‘Vinyland’ filmeko protagonistak.
Donostian bizi diren lau musikazale elkartu ditu Vinyland filmak. Mikel Insausti eta Marcos Garcia zuzendariek eurak aukeratu zituzten detektibe istorio bat, zuzeneko musika, disko dendak eta musikarekiko pasioa nahasten dituen koktel zinematografiko honetarako. Hemen dira Iñigo Alfaro, Iñigo Arzallus, Jose Luis Olabeaga eta Jose Joaquin Forcada ‘Forki’. Argiak, kamera, musika, ekin! Musika biziki maite duen bildumagile sutsu bati buruzko dokufikzio bat da filma. Kontaidazue… Jose Luis Olabeaga (J.L.O.): Nik interpretatzen dut paper hori. Zuzendariek ni irudikatu ninduten rol honetan. Ezin izan nuen ezetz esan. Naturaltasuna eman nahi zioten filmari, eta ez zuten aktore profesionalekin lan egin nahi. Nolabait neure burua interpretatzen dut, baina nik uste dut pertsonaia honetan badagoela Mikel Insausti zuzendariaren parte bat. Disko bilduma bat omen zuen, saldu egin zuen, eta ziur nago oraindik arantzatxoa sartuta duela. Film hau damu horren ondorio delakoan nago. Iñigo Arzallus (I.A.): Filma hasi baino lehen, zuzendariek Jose Luis elkarrizketatu zuten. Bere pasadizoak izugarriak iruditu zitzaizkien, eta horietan oinarritu zuten gidoia. J.L.O.: Nik ez nekien zertarako egiten zizkidaten galderak, gero konturatu nintzen. Iñigo Alfaro (I.A.): Hollywoodeko gidoilari onenak ere ezingo luke horrelako gidoirik idatzi. Errealitateak fikzioa aise gainditu ohi du. Askotan gertatu izan da musikazale batek harribitxi bat aurkitzea disko denda batean, eta saltzaileak ez saldu nahi izatea. Nik, hain zuzen, filmean musika denda bateko saltzailearearena egiten dut. Jose Luisi gaizki pasarazten diot…[barrez]. J.L.O.: Musikarekin lotutako bitxikeriak egunero gertatzen zaizkit. Disko denda batera zoazenean hamaika gauza gerta daitezke. Atzo bezero batek galdetu zidan zein den gehien desio dudan diskoa. Erantzuna eman nion, eta lortuko zidala esan zidan. I. Arzallus: Dokufikzio bat da, baina bertan agertzen dena gure egunerokoa da: kontzertuetara joaten gara, diskoak erosten ditugu, musikazaleak gara… Guztiok bete-betean bizi dugu musika. Zure pertsonaiak Jose Luisen disko bilduma aurkitu nahi du. I. Arzallus: Dokumentalak badu detektibe istorioen ikutu txiki bat. Sherlock izena du nire pertsonaiak, eta, denok bezala, bere bilduma non gordetzen duen eta zenbat single dituen jakin nahi du. Zenbat disko dituzu Jose Luis? J. L. O.: Asko. Gehiegi. Baina inoiz ez da nahikoa [Barrez]. Ehunka? Milaka? I. Alfaro.:Informazio hori ematen badizu afaltzera gonbidatuko zaitugu. Guri ez digu inoiz esan zenbat dituen… Filmean bezala, argitu gabeko misterioa da. J. L.O.: Juancar Garciak Irungo Bloody Mary disko denda ireki zuenetik bezero fidela izan naiz. 12 urtez astelehenero joan nintzen. Behin huts egin nuen, eta deitu egin zidan, ondo nengoen jakiteko. Eta guztira 25 urte eman ditut joan-etorrian. Jose Joaquin, zuk irrati esatariaren papera egiten duzu. Jose Joaquin Forcada: Ni film honetan kasualitatez nago. Bere garaian musika irratsaio bat egiten nuen, eta egun irrati batean lan egiten dut, Onda Vasca-n. Mikel Insausti eta Juancar Garcia lagunak ditut, eta kolaboratzeko eskatu zidaten: irrati esatari bat behar zutela. Printzipioz gauza txiki bat zen, baina… Nik Jose Luis elkarrizketatzen dut. Bere disko bildumari buruz galdetzen diot, eta nirekin haserretzen da, horri buruz ez diodala galdetuko esaten baitiot elkarrizketa hasi aurretik. Nik lana bukatzean hasten ginen filmatzen. Bizpahiru egunetan grabatu genuen irratian. Inolako artifiziorik gabe, rock n’ roll hutsa! Zer gertatu da garai bateko musika irratsaio haiekin? Zu zeu musikazale askoren erreferente izan zinen. J. J. F.: Beno, ni beste bat izan nintzen. Jose Luisek esan zidan entzuten zuela nire irratsaioa, Azken Furgoia. Abangoardia, rocka, musika beltza, elektronika, punka … Egunero irratsaio bat egiten genuen musika estilo desberdin batekin. Irratsaio horiek modernoak ziren, ez ziren radioformulak. Ez genuen publizitaterik jasotzen apenas. Urte loriatsu batzuk izan genituen, baina jada ez dugu musika saiorik espreski musikari buruzkoa. Hemengo irrati generalistek bazituzten, baina jada ez. Baten bat beharbada, baina ez dira lehen bezalakoak. Jose Luis bezain bildumazalea zara? J. J. F.: Musikazalea naiz, baina garai batean nuen antsietate hori jada ez dut sentitzen. Asko bidaiatzen nuen, eta beti musi- karengatik zen. Asko joaten nintzen Londresera, Amsterdamera… Gaur egun desberdina da. Baina zuk ere asko izango dituzu… J.J.F.: Bai, pila bat. Ia denak 70eko eta 80ko hamarkadakoak. Garai batean asko erosten nituen, eta irratian ere asko jasotzen nituen. Askotan aldatu naiz etxez, eta gauzarik astunena zen biniloak mugitzea leku batetik bestera. Musikazale izanik, polita izango da horrelako film batean parte hartzea. J. L.O.: Bai, nik ez nuen neure burua bildumagile gisa ikusten. Disko pilatzaile bat nintzela uste nuen. Ez dut helburu ze- hatz bat. Arreta ematen didan zerbait ikusten dut, eta erosi egiten dut. Oso gauza pertsonala da, eta ez nuen uste garrantziarik zuenik. Zeintzuk dira zure diskorik gogokoenak? J.L.O.: Nik abestiei ematen diet balioa. Horretarako formaturik logikoena singlea da. Abesti bat dute alde bakoitzean, eta asko- tan B aldea ustekabea izaten da. Egungo talde baten diskoa bada, kontzertura joan eta beraiek sinatzea gustatzen zait.Ez dut diskoak balio gehiago izateko egiten. Taldeak diskoa egiten du; argazkilariak azala; eta zaleak abestiak entzun eta kon- tzertura joaten da. Eszena horren parte izateko egiten dut. Gustatzen zaidana da inor baino lehenago kontzertu batera joatea, diskoa erostea eta gero ikustea talde hori aurrera doala. Jendeak galdetzen dit gero ea non lortu dudan disko hori eta nik esaten diet, «bada,hemen jo zuten, eta ez zen inor etorri kontzertura». Noiz erosi zenuen lehen diskoa? J. L. O.: 10 urterekin beharbada. Haurrentzako musika izango zen, ziur. Parchis edo antzeko zerbait.Txikitatik nire anaia zaharrekin joaten nintzen musika dendara. Desagertzen ari den kultura bat da. Bildumagile batzuk disko espekulatzaile bihurtzen dira… J. J. F.: Badago jende asko diskoekin negozioa egiten duena, jakina. Jose Luisen kasuan ez da hori gertatzen. Berak bera- rentzat erosten ditu. Dirua irabazi nahi duten horiek ez dakit zein neurriraino diren musikazaleak. Zaleak bai, baina negozianteak gehiago agian? I. Alfaro: Bildumazale bakoitzak bere izaera du. Jose Luis oso umila da, eta ez dizu inoiz ezer muturretik pasako. Ez dio- zu entzungo «Nik disko hau daukat eta zuk ez». I. Arzallus: Jose Luis kultur etxeetan egon da, eta berak bere bildumatik diskoak eraman ditu, bildumak osatzeko. Hori ez du edonork egiten. Binilo bildumazale fidelei eskainitako omenaldi bat dela diote filmaren egileek. J. J. F.: Arraroa iruditu zait orain arte inori bururatu ez izana horrelako film bat egitea. Ez dakit mundu osoan horrelakorik egongo den. Oso ideia originala eta interesgarria iruditzen zait. Badago filmean pasarte eder bat: CDak ez dituzu garbitu behar. Biniloak, ordea, bai. Diskoak nola garbitzen diren azaltzen du. Gomendatzen dut filma, bai. J. L. O.: Niri harritu nauena da Marcos horren gaztea izanik, ideia horiek guztiak hartu eta film bat egitea lortzea. Egiten genuena ikusten nuen eta «hau film baterako izango da?», pentsatzen nuen neure baitan. Hasieran trabak ikusten nituen bakarrik, baina gero gustatu zitzaidan. Nik oraindik ez dut osorik ikusi, baina uste dut dokumental polita egin duela.