Pozez eta harro inauguratu zuen Odon Elorza alkateak San Martin merkataritzagune berria. Gaurko egunez aurkeztu zuten eraikin berria, duela 10 urte. San Martin merkataritzagunea «proiektu berritzaile eta kalitatezkoa» dela adierazi zuen Elorzak inaugurazio hitzaldian: «Ezin dugu pentsatu iraganeko garaiak hobeak zirela. Azoka honek baldintza guztiak betetzen ditu». San Martin merkatu berria 1884ko eraikin historiko zaharra zegoen toki berean egin zuten.
Hiru merkatari lekurik gabe
Egunero bezala goizean lantokira iritsitakoan, pertsiana itxita aurkitu zuten atzo San Martingo lehengo merkatuko hiru saltokitako merkatariek Arrasate kalean. Mari Jose Etxeberria Julen okindegiko jabeak IRUTXULOKO HITZAri adierazi zionez, «Udalak inolako abisurik gabe kalean utzi gaitu, gure negozioak zabaldu ezinik». Okindegiko, fruta dendako eta harategiko merkatariek postu bat zuten San Martin berrian, baina ezarritako baldintzak onartu ez dituztenez, haien saltokiak hutsik aurkitu zituzten. Hala ere, postua izateko eskubidea aldarrikatu dute, «guk ez baitiogu postua izateari uko egin». Ordura arte arte, gainontzeko merkatariekin batera, Arrasate kalean izan ziren behin-behingoz.
Eraikin historikoa
1882an, Jose de Goicoa arkitektoak San Martin Merkatuaren proiektua diseinatu eta garatu zuen. Baionako Les Hallesen lanean inspiratuta. Merkatua hazi egin zen urteak igaro ahala. 2003an Donostiako Udalak -eraikinaren jabea- merkatu zaharra berri batengatik ordezkatzea adostu zuen, “hiriaren behar berrietara egokitzeko”. Bi urteko lanen ostean, San Martin merkatu berria sortu zen, “merkatu tradizionalaren eta merkataritza gune modernoen abantailak bateratuz”. Zentro berria, merkatuaz gain, merkataritza gune ere bilakatu zen denda ugari irekiz, tartean Inditex taldeko hainbat denda. Iaz, eraikinaren zati handi bat eskuratu ondoren, Zara erraldoia egin zuen.