Diru laguntza Urumea inguruan hiri adimendunaren proiektu bat garatzeko erabiliko dute.
Sustapeneko ordezkariak hainbat enpresetako ordezkariekin batera, udaletxean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Donostia, Bristol eta Florentziarekin batera, erreferentziazko hiri bilakatuko da
energia eraginkortasunaren, mugikortasun iraunkorraren eta Informazio eta Komunikazio Teknologia azpiegituren alorretan. Izan ere, maiatzean aurkeztutako
Replicate proiektua aukeratu du Europako Batasunak diruz laguntzeko.
Horizon 2020 plana-ren baitan kokatzen da diru laguntza, hau da, hirietan
ikerketarako eta berrikuntzarako bideratutako programaren baitan. Hala, Donostiak beste bi hiriekin batera, eredu orokor bat garatu beharko du 2020 baino lehen, etorkizunean beste hiri batzuk erreferentzia gisa erabiltzeko.
Hiru hirien artean banatzeko
29 milioi euro emango ditu Europar Batasunak; horietatik 11 izango dira Donostiarako. Ernesto Gasco alkateordea eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak adierazi du, “alor publikoaren eta pribatuaren arteko urtetako lanaren emaitza” izan dela diru laguntza, eta “bertako industriak duen garrantzia munduaren aurrean” erakusteko balioko duela. Euken Sese, Sustapeneko kudeatzailea ere pozik agertu da berriarekin. Bere esanetan, “Europatik datorren laguntzarik garrantzitsuenetarikoa da, aurkeztutako proiektua ia ehuneko ehunean garatzea ahalbidetuko duena”.
Urumea adimentsua
Programan parte hartuko duten hiru hiriak lanean dihardute hiri adimendun bihurtzeko: Bristol IKTetan, Florentzia ibilgailu elektrikoetan eta Donostia energetikoki eraginkorrak diren eraikinetan.
Martutene, Txomin Enea, Ametzagaina eta 27 Industriagunean garatuko dute proiektua.
Hainbat arlo jorratuko dituzte. Energia kontsumoa gutxitutzeko
etxebizitzen birgaitzea eta energia berriztagarrien kontsumoa sustatuko dituzte. Bestalde, 27 Industriaguneko
argiteria ere aldatuko dute, argi adimendunaren sarea sortu eta LED teknologia eskainiz. Eta mugikortasunari dagokionez, berriz,
ibilgailu elektriko gehiago erosiko dituzte erabilera publikorako Dbus-entzako beste bi autobus, esaterako. Eta orohar, hiri osoan erabilera areagotzeko energia puntuak ere gehituko dituzte.
Donostiak jasoko duen dirua
Sustapena eta beste hainbat enpresa pribaturen bidez kudeatuko dute: Tecnalia, Ikusi, Euskaltel, Luix eta Eurohelp Consulting, esaterako; 36 bazkide guztira. Enpresa horietako ordezkari batzuk udaletxean izan dira gaur udal ordezkariekin batera. Guztiek programaren konplexutasuna azpimarratu dute, baina era berean, energia, mugikortasun eta teknologia berrien garapenean “dakitena erakusteko” aukera bikaina izango dela esan dute, eurak ere besteentzako erreferentzia bilakatuko direlarik.
Hemendik aurrera, hiru urte izango dituzte paper gaineko proiektua garatzeko, 2020a arteko azken bi urteak hartutako neurriak eta egindako berrikuntzak probatu eta emaitzak aztertzeko erabiliko baitituzte.