Miren Albistur, PPko bozeramailea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Miren Albistur, PPko bozeramaileak udal gobernuaren zerga ordenantzarekiko duten jarrera azaldu du gaur prentsaurrean. Lehenik,
Ondasun Higiezinen Zerga %1ean igotzearen aurka egingo dutela adierazi du Albisturrek. Bere esanetan, udal gobernuak proposatzen duen igoera ez dago justifikatua; “165.000 euro gehiago irabazteko giza baliabideetan egin behar den ahaleginak ez du merezi”. Etxebizitza hutsen arazoa “ukaezina” dela aitortu du zinegotzi popularrak, baina zerga igotzea ez dela irtenbidea gaineratu du.
Bestalde,
zaborren tasa igotzeari ere ezezkoa emango diote. Gainera, aurreko legealdian abian jarritako batzorde bereziarekin jarraitzeko eskatuko dute. Albisturren arabera, “gero eta sistema aurreratuagoak eta baliabide gehiago daude hirian zaborrak sailkatzeko eta birziklatzeko; herritarrek arduraz jokatzen dute, baina euren poltsikoetan ez da nabari, gero eta gehiago ordaintzen dute, eta alderantziz beharko luke”.
Zerbitzu honengatik 2005. urtean 57 euro ordaintzen ziren eta 2016. urtean 169 euro ordainduko dira udal gobernuak proposatutako %5eko igoerarekin. Hala jakinarazi du Albisturrek, eta egoera honen aurrean neurriak hartzearen beharra azpimarratu du. “Zerbait gaizki egiten ari gara, eta gaia adituekin aztertzea premiazkoa da”, esan du.
Urrian egingo dute tasa eta zergen osoko bilkura. Datorren ostegunean, berriz, iraileko udalbatzarra egingo dute. Popularrek fiskalitate kontuekin loturiko
mozio bat aurkeztuko dute, eta udal gobernuaren babesa jasotzea espero dute.
Donostiak hiri izendapena jasotzea eskatuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru ekarpena handiagoa izan dadin.
Bilbok 2002an jaso zuela hiri izendapena gogoratu du Albisturrek. Donostiaren kasuan, 117 milioi euro jasotzen ditu Foru Aldunditik eta izendapen berriarekin 47 milioi euro gehiago jasoko lituzke. Albisturrek onartu du ezinezkoa izango dela aldaketa hori bapatean egitea, baina 5 milioi euroko igoera proposatuko dute. “Ekarpen horrekin herritarrei zergak igotzea ekidin daiteke”, esan du.