Bizikleta martxa bat egin dute Mugikortasun Asteari amaiera emateko
800 ikasle eta 70 irakasle inguruk hartu dute parte.
Eguraldiak askorik lagundu ez arren, 10:30etik aurrera ehunka bizikleta elkartu dira Alderdi Ederren. Hiriko hainbat institutu eta ikastetxetako gazteek 12 kilometroko ibilbide bat egin dute gurpil gainean bizikletaren erabilera bultzatzeko. Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi Pilar Aranak eta Ingurumeneko zinegotzi Alfonso Gurpegik harrera egin diete parte hartzaileei, eta taldeko argazkia atera ondoren, 11:00ak aldera abiatu dira guztiak.
Modu honetan eman diote amaiera Europako Mugikortasun Asteari, baina bizikleta hirian ibiltzeko garraiobide egokiena dela aldarrikatu dute. Arana erabilera sustatzeaz mintzatu da, eta “helduen eredu” izan behar dutela esan die gazteei.
Hiriko kale nagusienetan ibili ondoren Martuteneraino heldu da 2015eko Bizikletada, eta ondoren berriro Alderdi Ederrera itzuli dira.