Ohar baten bidez alkateari eta udaleko zinegotziei eskatu die gaztetxearen inguruan piztutako alarmaren inguruan neurriak hartzeko.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Gaztetxea eraisteko arriskuan dagoela eta,
Ulia auzo elkarteak ohar baten bidez konponbide bat eskatu dio udalari. Ordoñez kortxo fabrika zaharra zena okupatu zutenetik, gaztetxeko kideek eraikina topagune gisa eta kultur jarduerak egiteko espazio moduan erabili dutela azaldu du elkarteak. Eta okupatu zutenetik, bizilagunak lasaiago daudela adierazi du: “Eraikina hutsik zegoen, erabili gabe, eta noizean behin bertan sartzen ziren pertsona batzuek zenbait arazo sortu zituzten. Sute batzuk ere piztu ziren”.
Orain, giro lasaian bizi zen auzoan berriz ere alarma piztu dela plazaratu du: “Aurrez ezer jakinarazi gabe, legea bete gabe, eta Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren laguntzarekin, iraila hasieran gaztetxea eraisten hasi ziren. Eta gazteek erresistentzia jarri zuten”.
Elkartearen ustez, Kortxoenearen kasutik harago, udalak herritarren beharrak asetu behar ditu, arreta eman eta gazteekin duen zorrari aurre egin behar dio: “Hutsik eta baldintza kaskarretan dauden eraikinak okupatzera behartuta daude, eta gainera, espazio hauek gutxieneko baldintzak betetzeko lan egin behar dute gazteek”.
Udalak jabearekiko erakutsi duen eskuzabaltasunak harritu egin dituela adierazi du elkarteak: “Bost urtez okupaturik daraman espazio honetan 14 etxebizitza eta bi solairuko garaje bat egitekoak ziren. Ondoren proiektua hazi egin zen eta 20 etxebizitza egin behar zituzten. Eta azkenean 21 etxebizitza eta hiru solairuko garaje bat. Udalaren eskuzabaltasunak Kortxoenearen orubearen balioa igoarazi du, eta konponbide bat aurkitzea zailagoa da orain, baina ez da ezinezkoa”.
Arazoa konpontzeko udalak esku hartu behar duela uste du elkarteak: “Bai jabearen intereserako, baita gazteen intereserako ere, udalak bitartekari lana egin beharko luke. Gazteei ematen zaien arreta eskasa dela sor daitekeen interes talka saiheste aldera”.
Udalak jabearekin truke bat egiteko aukera – udalaren beste lursail batekin- proposatu du elkarteak.