Uliako Zemoria 20ko eraikina proposatu du Bilduk Kortxoenearen ordezko gisa
Eraikina udalarena da eta Hezkuntza Sailari egindako lagapena amaitua dago.
EH Bilduko Axier Jaka eta Ricardo Burutaran zinegotziak prentsaurrean agertu dira gaur Kortxoenea auzia “desblokeatzeko” proposamen bat aurkezteko. Izan ere, euren ustez irtenbideak badaude, eta alkatearen ardura da gaztetxeko gazteekin hitz egin eta irtenbide errealak eskaintzea.
Bilduk aurreko legealdian landu zuen proposamen bat jarri du mahai gainean: Uliako Zemoria kaleko 20. zenbakian dagoen eraikina proposatu du gune autogestionatu gisa erabiltzeko eta inguruko proiektu sozio-kulturalak biltzeko; tartean Kortxoeneako jarduerak.
Eraikin hori udalarena da berez, baina 2000. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari utzi zitzaion 10 urterako. Gaur egun, Uliako institutua dago bertan, baina lagapena amaiturik legoke. Gainera, Jakak adierazi duenez Hezkuntza Sailak zerbitzu hori bertatik kentzeko asmoa du.
Aurreko gobernuak zortzi bilera egin zituen Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eraikinaren erabilera aldatzeko. Hitzarmen zirriborro bat ere egina zuten, baina Jakaren arabera, ez dakite negoziaketa horiek zertan diren orain.
Kortxoeneari irtenbide bat ematea “borondate politiko kontua” dela esan du Jakak, eta alkateak nahi badu eraikina berreskuratzeko urratsak egin ditzakeela.