Udal gobernuaren ordenantza berria kritikatu dute.
Amaia Martin eta Loïc Alejandro, Irabazi Donostia taldeko zinegotziak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Irabazi Donostia taldearentzat udal gobernuak zerga eta tasen ordenantzan proposatu dituen
igoerek ez dute justifikaziorik. “Krisialditik ateratzen ari garela diote baina gizarteko errealitateak bestelako erakusten du”, esan du Loïc Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak.
Gainera, udal gobernuak ez duela ordenantzaren inguruko informaziorik erraztu salatu dute; “aldaketen berri eman dute soilik, zergatia azaldu gabe”, esan du Alejandrok.
Ordenantza berria kritikatzeaz gain, Irabazi Donostiak hainbat proposamen aurkeztuko ditu zerga eta tasen udalbatzarrean.
Ondasun Higiezinen Zergaren eta
zaborren tasaren igoerarik ez dute babestuko; bere horretan uztea nahi dute.
Etxe bizitza hutsen gaineko zerga, ordea, %100ean igotzea proposatuko dute. Orain %25ekoa da errekargua, eta neurriak emaitza onak eman dituela esan du Alejandrok. Hala, 2013an 2,830 etxebizitza huts zeudela Donostian esan du, eta gaur egun 1,031 etxebizitza huts. Errekargua %150ekoa izatea nahi dute etxebizitza hutsak banketxeen esku daudenean.
Bestalde, birgaitzeen kasuan lanak etxebizitzen edo eraikinen
kalifikazio energetikoa aldatzeko egiten direnean
hobariak eskaintzea proposatuko dute. %25a C maila lortzeko; %50 B mailarentzat; eta %75 A maila lortzeko.
Terrazen gaineko zerga %3 eta %5 artean igotzea aurreikusten du ordenantza berriak, eta terrazen denboraldia maiatzetik urrira luzatzea gainera. Irabazi Donostiaren arabera, luzapen honek ez du zentzurik eta ez dute aldaketa babestuko.
Turismoari dagokionez, mozio bat aurkeztuko dute
egonaldien gaineko tasa eskatzeko. “Badakigu ostalarien artean zeresana sortuko lukeela neurri honek, baina beste hiri batzuetan egiten da, turistei ez die ia eragiten, eta diru horrekin beste hainbat zerbitzu ordain daitezke, hiriaren garbiketa, esaterako”, esan du Amaia Martin zinegotziak.
Illunberen erabilera ere hizpide izan dute. Gune honen alokairuak prezio bera izatea eskatu dute jarduera guztietarako. Martinek azaldu duenez, bost eguneko alokairuak 43.000 euro balio du; zezenketak egiteko, berriz, 25.000 euro ordaindu zuten Aste Nagusian. Irabazi Donostiako ordezkarien ustez “onartezina” da halako desorekak egotea.