Larriki gaixorik dauden presoei babesa eskaini diete Osasungintzako hainbat langilek
Sarek larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko du larunbatean, 17:00etan, Kursaal eta Sagues artean egingo duten herri sarearen bitartez. Hainbat eragilek eta norbanakok eman diote atxikimendua mobilizazioari; gaur, esaterako, Osasungintzako hainbat langilek bat egin dute deialdiarekin, Donostia Ospitalearen sarrera nagusian egindako elkarretaratzean adierazi bezala: “Ezin dugu egoera krudel honekin jarraitu. Osasungintzako langile gisa, gaixorik dauden presoen oinarrizko osasun eskubideak urratzen diren bitartean, ezin dugu geldirik geratu”.
Hain zuzen ere, euskal presoei ezartzen zaien sakabanaketa politika “krudela” eta “mendekaria” dela salatu dute, “are eta gehiago larriki gaixorik dauden presoen kasuetan”. Hauei oinarrizko osasun eskubideak ukatzen zaizkiela nabarmendu dute: “Gaixotasun larriaren lehen zantzuak agertzen direnetik, azterketa eta diagnosi sendoa lortu arte, urteak pasatzen dira. Bitartean, gaixotasunak bere bidea egiten jarraitzen du. Ez dira beraien gorputzen eta osasunaren jabe, ezin dute familiaren babesa sentitu, ezta une larrietan ere”. Osasungintzako langileen hitzetan, “kideen laguntza ukatzen zaie. Bakardadean eraman behar dute gaixotasunaren zama astuna eta mingarria, eta egoera hau bereziki larria da gaixotasun piskologikoz jota daudenentzat”.
Esklerosiak, minbizia, muturreko arazo piskologikoak, bihotzeko gaixotasun larriak, ikusmen arazo larriak… Hainbat dira presoek pairatzen dituzten gaaixotasunak, Donostia Ospitaleko langileek jakinarazitakoaren arabera: “Egoera muturrekoa da eta preso hauen familia eta ingurunea beti kezkatuta daude, beti erne, beti telefono dei baten beldur, beti ezinean bere senidea zaintzeko, beti sufritzen”. Espetxe politikak giza eskubideak urratzen dituela berretsi dute. “Erabaki politikoak oinarrizko giza eskubideen gainetik jartzen dituzte”, erantsi dute.