“Lotsa puntu batekin baina harro jasotzen dut saria“
Karmele Soler makillatzaile donostiarrak hunkituta jaso du Zinemira Saria.
Nerea Lizarralde
Karmele Soler, saria esku artean duela.
Argi eta flash guztietatik aldenduta, kamerino artean egotera ohituta dago Karmele Soler. Atzo gauean, ordea, protagonista izan zen Viktoria Eugenia Antzokian egin zuten euskal zinemaren galan. Zinemira Saria jaso zuen ibilbide profesional osoagatik. 50 film baino gehiagotan lan egin du, eta Euskal Telebistan lanean hasi zenetik, zinemagile ospetsuen filmetan parte hartu du.
Aitana Sanchez Gijon aktore eta adiskideak eman zion saria Solerri, ezustean, donostiarrak ez baitzekien ezer.Duela 22 urte ezagutu zuten elkar, eta geroztik beti lan egin nahi izan du Solerrekin. Lanari esker lagun handi bat ezagutu duela esan zuen. Bitxikeria gisa kontatu zuen Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak Zinemira sariaz hitz egiteko deitu ziola Solerri, eta donostiarrak uste zuela sariduna makillatzera joan beharko zela. Pertsonaiei distira eman eta aldarteak sortzeko trebetasuna duela azpimarratu zuen aktoreak.
“Oso hunkigarria da Zinemira saria irabaztea, eta Aitanarengandik jasotzea oparia da. Ez nuen inondik inor espero. Jaialdi honek profesional gisa nola hazi naizen ikusi du, eta une gogoangarriak pasatu ditut hemen”, adierazi zuen Solerrek garaikurra jasotzean. Hunkituta, saria jaso duen lehen emakumea dela azpimarratu du Solerrek: “Lotsa puntu batez baina harro jasotzen dut saria, eta teknikari guztiekin partekatu nahi dut. Lehen emakumea naiz sari hau jasotzen, baina nire atzetik beste asko etortzea espero dut”.
Amari, Amaia Bontigiri, eskaini zion saria. Parte Zaharreko bizilagun ezaguna zen Bontigi, eta tamalez, udan zendu zen. Hain zuzen, amak kutsatu zion Solerri makillajerako zaletasuna, estetizista baitzen. Donostian hasi zituen estetika ikasketak, eta, bi urte geroago, Madrilen jarraitu zuen makillaje profesionala ikasten, Juan Pedro Hernandez irakasle zuela. 1984an, Alfredo Landak bultzatuta, Jose Luis Garciren Sesión contínua filmean Romana Gonzalez makillatzailearen laguntzaile izan zen. Geroago, Parisen zinemarako makillajean espezializatu zen, eta profesionalki ETBko estudioetan eman zituen lehen pausoak.
1986. urte inguruan hasi zen ETBk ekoitzitako lehen filmetan lanean: besteak beste, Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi), Ehun metro (Alfonso Ungria) eta Zergatik panpox (Xabier Elorriaga) pelikuletan. 1989an, lehenengoz, Euskal Herritik kanpo egindako film batean parte hartu zuen: Felipe Vegaren El mejor de los tiempos-en. Espainiara salto eginda, munduko herrialde askorekin eginiko koprodukzioetan aritu da lanean.
Goya sarietarako hainbat izendapen ere jaso ditu, film hauetan egindako lanagatik: Noviembre (Achero Mañas),Inconscientes (Joaquin Oristrell), También la lluvia (Iciar Bollain) eta Lope (Andrucha Waddington). 2012an eskuratu zuen Goya saria, Pedro Almodovarren La piel que habito filmarekin.
Josean Bengoetxea eta Itziar Ituño aktoreek aurkeztu zuten gala. Euskal zinemaren azken urteko uztaren errepasoa egin zuten, Zinemira saria ez ezik, urteko euskal gidoi onenaren saria ere banatu zuten Victoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian. Asier Altunak eta Telmo Esnalek jaso zuten saria, Joanes Urkixo euskal gidoigileen elkarteko presidentearen eskutik,Amama filmean egindako lanagatik, pelikula Sail Ofizialean estreinatu eta biharamunean.
Aurten Zinemaldiko Zinemira saria irabazteko Amama (Asier Altuna), Pikadero (Ben Sharrock), Psiconautas (Alberto Vazquez eta Pedro Rivero), Un otoño sin Berlin (Lara Izagirre), Jai-Alai Blues (Gorka Bilbao), Walls (Pablo Iraburu Allegue eta Migueltxo Molina Ayestaran) eta Gure sor lekuaren bila (Josu Martinez) lehiatuko direla gogorarazi zuten ekitaldian. Sari hori larunbatean emango dute, amaiera galan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea