PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Donostia taldeek babestu dute mozioa.
Gaur goizeko udalbatzarra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Kaleratzeak Stop plataformarena izan da mozioa, eta EH Bildu eta Irabazi Donostia taldeek eraman dute osoko bilkurara. Sozialistek ere aldeko botoa eman dute;
EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin dira.
Mozioak etxe kaleratzeak saihesteko udalak gauzatu beharreko
neurri sorta bat jasotzen du: ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan diren familiak babesteko programa bat abian jartzea eta aholkularitza eta bitartekaritza indartzea; etxegabetzeak saihesteko jarduera guztiak koordinatuko dituen pertsona edo erakunde bat izendatzea; hutsik dauden etxebizitzen errolda bat egitea edo finantza edo administrazio erakundeekin bitartekaritza lanak egitea, besteak beste.
Bilduren iritziz, mozioa onartzea aurrerapauso bat da, konpromiso eta betebehar zehatzak ezartzen dizkiolako Udalari. Hala ere, kezkatuta agertu da udal gobernukideen arteko irizpide ezberdinekin; “kezkagarria da Eneko Goia alkatearen eta haren taldearen jarrera. Herritarren eskubideen defentsaz ari gara, eta alkateak ez du mozioarekin bat egin nahi izan. Ulertezina da, Donostian etxe kaleratzeak saihesteko neurri eraginkorrak hartzea proposatzen denean, alkateak botorik ez ematea”, esan du Almirallek.